GARA > Idatzia > Kultura

Tradizioa eta sinfonia haize berriz jantzi ditu Kepa Junkerak

Kepa Junkerak bere ibilbide osoko zortzi kantu kuttun hartu eta Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin batera moldatu ditu «Ipar haizea» diskoan. Emaitza zuzenean aurkeztuko dute Iruñean, Donostian, Bilbon eta Gasteizen egingo dituzten bost emanalditan.

p056_f01_148x104.jpg

Ane ARRUTI | BILBO

Euskal instrumentu tradizionalak orkestraren doinu sinfonikoekin bat eginik aurkeztu ditu Kepa Junkera bilbotar musikariak «Ipar haizea» diskoan; trikitixa, txalaparta, alboka edo panderoak Euskadiko Orkestrarekin batera, inongo «konplexurik gabe». «Musikaren historiako eragin ezberdinen topalekua izan da», esan zuen atzo Bilboko Arriaga antzokian egindako aurkezpenean. «Entzuleari doinu klasikoak iradokiko dizkiote zenbait kantuk; garaikideagoak edo zineko soinu banda, beste zenbaitek».

«Ipar haizea» proiektua EOSen KlasikAT zikloaren hirugarren lana da. Iñigo Alberdi zuzendari nagusiak azaldu zuen moduan, «orkestraren eskaintza publiko anitzei zabaltzea du helburu, klasikoaz urrun geratzen diren eta orkestra baten ibilbide sinfonikoan arrotzak diren errepertorioak landuz». Aurretik Mike Oldfield eta Benito Lertxundirekin jardun dute elkarlanean.

Diskoak Junkeraren zortzi kantu biltzen ditu, hasierako garaietako «Bok Espok» edo «Gaztelugatxeko martxa» bezalakoetatik hasi eta «Hiri» edo «Madagaskar» berriagoetaraino. Orkestrarekin jotzeko moldaketak, berriz, lehenago ere bilbotarrarekin lan egin izan duen Frederick Manoukian musikariaren esku egon dira. «Uste dut lan honek jendea harritu egingo duela, egindako konponketen eta interpretazioen aberastasunagatik», aitortu zuen Junkerak. Zentzu horretan, bere trikitixa ez da beti kantuen protagonista. Badira orkestrak pisu nagusia hartzen duten kantuak eta baita akonpainamenduan gelditzen direnak ere.

Diskoa abuztuan grabatu zuten EOSek Miramonen duen egoitzan. Orkestraren zuzendaritza Enrique Ugarte tolosarraren esku egon da, azaleko diseinua Alberto Palomerak egin du eta Unai Elorriaga idazlearen hitzak ere bildu ditu liburuxkan, diskoa instrumentala baita.

Bost emanaldi egingo dituzte diskoa aurkezteko. Lehenengoa Iruñeko Baluarte jauregian izango da hilaren 21ean, eta ondoren Donostiako Victoria Eugenia antzokian (22), Bilboko Arriagan (23 eta 24) eta Gasteizko Principalen (28).

Fitxa

Musikariak: Kepa Junkera eta Euskadiko Orkestra Sinfonikoa.

Titulua: «Ipar haizea».

Emanaldiak: Martxoak 21, Iruñea, Baluarte; 22, Donostia, Victoria Eugenia antzokia; 23 eta 24, Bilbo, Arriaga antzokia; 28, Gasteiz, Principal antzokia.

Sarrerak: 15 euro.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo