GARA > Idatzia > Euskal Herria

«Euskara hizkuntza akademiko bat baino zerbait gehiago da»

p021_f01.jpg

Igone Lamarain
Euskal Herrian Euskaraz-eko kidea

Zehatz-mehatz gogoratzen ez bada ere, institutuan sortutako euskara taldean egin zituen aurreneko urratsak euskararen aldeko mugimenduan, eta handik Eibarko, jaioterriko, Euskal Herrian Euskaraz taldera (EHE) gerturatu zen. Orain, 31 urterekin, buru-belarri jarraitzen du euskararen alde lanean.

Ana ABARIZKETA | EIBAR

Lanez gainezka dabil egunotan Igone Lamarain. Bihar aldarrikapenez jositako euskararen aldeko festa koloretsua jasoko du Donostiak, Euskal Herrian Euskarazek antolatuta, eta harro daude auzolanean atera dutelako aurrera. Euskaraz Bizi Egunari begira eta festan busti aurretik hartu gaitu EHEko kide honek, Eibarren.

Etxarri-Aranatzen egin zen aurrenekoz Euskaraz Bizi Eguna; iaz Gernikan, eta orain, hirugarrena, Donostian. Zer-nolako bilakaera izan du Euskaraz Bizi Egunak?

Duela bizpahiru urte aldaketa egin genuen gure dinamikan, hizkuntz eskubideen aldarrikapena egitetik euskaraz bizitzearen aldeko dinamika egitera pasatu ginen, pentsatzen dugulako hizkuntz aldarrikapenak berez aldarrikatu behar ditugula, baina euskaraz bizitzearen aldeko dinamika indartu egin behar dugula aldi berean.

Dinamika hori ulertzen dugu euskaraz bizitzeko hautua eginda, euskarari lehentasuna emanez maila guztietan. Dinamika honetan erakutsi dugu herriz herri euskaraz bizitzeko gogoa badagoela, posible dela. Etxarri-Aranatzen hasi ginen; gero, Gernikan izan zen; eta orain, Donostian, agian saltorik handiena izan dena, hiriburu bat delako. Baina erakutsi dugu, nahiz eta duela hiru urte bakarrik hasi antolatzen, euskaraz bizitzeko gai garela eta gogoa ere badugu. Orain Donostian erakutsiko dugu hiriburuetan ere posible dela.

Zergatik Donostian?

Iaz, otsailean, «Sasi guztien gainetik euskaldun eta burujabe» manifestazioa egin genuen bertan, eta Donostiako euskalgintzak asko lagundu zigun antolaketan eta atxikimendu mordoa lortu genuen. Orduan hasitako dinamikari jarraipena eman nahi genion eta eskerrak eman Donostiako eragileei dinamika horretan laguntzearren.

Askotan entzuten dugu Donostia euskararen hiriburua dela. Guk euskararen hiriburua izatearekin ulertzen dugu euskaraz biziko den herri bat izango dela eta uste dut Donostian gogo handia dagoela horretarako.

Udal aldaketak eraginik izan al du erabaki horretan?

Uste dut denbora gutxi pasatu dela. Donostian orain arte egin diren urratsak herri ekimenei esker egin direla uste dut, euskaraz bizitzearen aldeko mugimendua handia da eta hirian. Eta hori, orain arte behintzat, herri mugimenduari esker izan da, jende askok eman diolako lehentasuna euskaraz bizitzeari.

Egia da Euskaraz Bizi Eguna antolatzen asko lagundu digutela eta Udalaren partetik prestutasun eta laguntza handia jaso dugula, eta hori esatekoa da.

Eragileak aipatzen dituzu behin eta berriz. Zer-nolako laguntza jaso duzue?

Mota guztietako eragileen laguntza izan dugu. Euskalgintzakoez gain, auzo ezberdinetako trikitilariak egongo dira, dantzariak, kantujira, elkarte gastronomikoak, auzo guztietako gazte asanbladak eta gaztetxeak; eta horiek guztiek euren egunerokotasunean euskarari ematen diote lehentasuna. Piratek ere parte hartuko dute, eta esango nuke, gurekin batera antolatzaileak ere badirela, beraiek gabe ezingo genukeelako egin. Horrek erakusten du edozein esparrutan bizi gaitezkeela euskaraz, orain arte entzun ditugun aitzakia asko baztertuz.

Aurrenekoz Jose Luis Alvarez Enparantza «Txillardegi» gabe izango da.

Iazko manifestazioa aprobetxatu genuen berari omenaldi txiki bat egiteko, ez bakarrik Euskal Herrian Euskarazen sortzaileetako bat izan zelako -eta hori guretzako garrantzitsua bada-, baizik eta euskalgintzari egindako ekarpenengatik. Berak badu teoria bat erakusten duena bi belaunalditan posible dela, betiere gogo politikoa badago, herria euskalduntzeko. Txillardegik beti eman zion lehentasuna euskarari kostu politikoa edo pertsonala izanda ere, eta hori guretzat eredugarria da.

Aurkezpenen ekitaldian, Dokan, esan zenuen garenaz harro gaudela erakusteko eguna izango dela Euskaraz Bizi Eguna.

Arratsaldean «Euskalduna nahiz eta harro nago» manifestazioa egingo dugu, eta uste dugu lehen aldia izango dela Euskal Herrian horrelako manifestazio bat egingo dena, lehenengo aldiz euskaldunak aterako garela kalera garenaz harro gaudela erakusteko.

Guk beti esaten dugu «7 euskaldun + erdaldun 1 = 8 erdaldun» ekuazioa ateratzen dela. Zergatik? Gu ez gaude harro garenaz? Gure herrian ez gara ganoraz bizi behar eta euskarari ez diogu lehentasuna eman behar? Zaila da askotan, gertaera askok eragin handia izan dutelako herri honengan, baina euskaldunak gara eta Euskal Herrian euskaraz egitea dagokigu.

Duela egun batzuk jakin genuen Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan euskara dakitenen kopurua 2,6 puntu igo dela azken hamar urteotan. Nola baloratzen duzu datua?

Ezagutzak gora egitea positiboa da, baina hamar urtetan bakarrik 2,6 puntuko igoera ez da handia eta ez da pozik egotekoa. Hori Jaurlaritzako Lurdes Auzmendik esan zuen eta nik esango nuke beraien hizkuntza politiketan ere aldaketak egin beharko lituzketela. Hizkuntza politikek ez dute bultzatzen euskaraz ikasteko beharra. Euskarak ezin du izan hizkuntza akademiko bat, zerbait gehiago ere badelako. Ikasteko aukerak bultzatu behar ditugu, baina erabilera bultzatuko dutenak ere bai.

Gainera Jaurlaritzaren politikak kontrakoak dira. Osakidetzan lan deialdi publikoa egin eta euskara jakiteko beharretan atzerapausoak egiten dituzte. Aurreko Jaurlaritzak gutxi eskatzen zuen eta honek are gutxiago. Euskalgintzarako diru laguntzetan atzerapausoak izan dira. Izan ere, euren politiken helburua ez da Euskal Herria berreuskalduntzea.

«Vascuencearen Legeak» 25 urte bete ditu aurten.

Gauza bera gertatzen ari da. Vascuencearen legeak ez du inondik inora helburu Nafarroa euskalduntzea, gainera bizi zaren lekuaren arabera eskubide batzuk edo beste dituzu eta horrek ez du inongo logikarik.

Hizkuntz aniztasunaren izenean beste hizkuntza batzuk sartzen dituzte hezkuntzan, baina euskaren kalterako izaten da. Kultur aniztasuna ona da, baina lehenengo bermatu behar dena euskararen ezagutza da. Eta Nafarroako Gobernuaz gain Jaurlaritza ere horretan ari da. Euskarari lehentasua emango dion hizkuntza politika behar dugu.

Ipar Euskal Herriko egoera nola ikusten duzue?

Oso garbi ikusten da frantsesa dela hizkuntza nagusia. Eta Frantziako Konstituzioak ere hori dio. Ez du besterik onartzen. Horrek erakusten du guk hizkuntz politika bertatik eta bertarako garatzeko eskubidea izan behar dugula. Frantziako estatua oso zentralista eta jakobinoa da, eta euskarari sekulako trabak jartzen dizkio. Horregatik da garrantzitsua herri moduan eta herri zatitua izan gabe erabaki ahal izatea, tempusak eta moduak desberdinak izango dira, baina helburua argi badugu aurrera egitea da garrantzitsuena.

 

txillardegi

«Txillardegik beti ematen zion lehentasuna euskarari, kostu politikoa eta pertsonala izanda ere; eta hori guretzako eredugarria da»

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo