GARA > Idatzia > Euskal Herria

Kronika | Hondakinen kudeaketa

Bergarako Zabalotegi gainezka, hiri hondakinei buruz eztabaidatzeko

Bilduk Gipuzkoako 34 udalerritan atez ateko hondakinen bilketa sistema ezarriko duela jakinarazi zuenetik, oihartzun handiko eztabaida ekarri du. Gaia bolo-bolo dabil kalean, eta Bergaran, herenegun, politikarien esanak entzuteko aukera izan zuten, zuzenean. Aretoa gainezka zegoen.

p019_f01.jpg

Ana ABARIZKETA

Gipuzkoako Batzar Nagusietan hondakinei buruz eztabaidatu zuten egun berean, ordu gutxiren barruan gai berari heldu zioten hainbat ordezkari politikok Bergaran. Eztabaida bestelakoa izan zen, ordea. Gai-jartzaileak ez ziren talde politikoak, kazetariak baizik, eta herritarrek ere izan zuten kezkak azaldu eta ekarpena egiteko aukera.

«Hiri hondakinen kudeaketa egokiena gaur eta hemen» gaia abiapuntu hartuta, talde bakoitzak bere ikuspegia plazaratu zuen, eta hainbat gai mahai gaineratu ziren: atez atekoa, erraustea, birziklatzea, bosgarren edukiontzia, azpiegiturak eta gizartearen parte-hartzea.

Oholtza gainean, bost alderdi politikotako ordezkariak: Juan Carlos Alduntzin (Bildu), Maria Eugenia Arrizabalaga (EAJ), Denis Itsaso (PSE), Rebeka Ubera (Aralar) eta Mikel Izagirre (Ezker Anitza). Rafael Olaizola (PP) parte hartzekoa bazen ere, atzera egin zuen. Mahai-inguruaren antolatzaile lanetan Debagoiena eskualdeko Goiena telebista aritu zen. Bergarako Zabalotegi aretoa gainezka zela, batzuk kanpoan gelditu ziren eserleku faltagatik. Entzuleen artean Debagoieneko alkatea eta zinegotzi eta zinegotzi ohi dezente zeuden.

Birziklatu bai, baina...

Eztabaidak 90 minutu iraun zuen, eta ordezkari guztiek bat egin zuten gero eta gehiago birziklatu behar dela edota birziklatzearen alde daudela baieztatzean. Hortik aurrera, eztabaida sutsuari ekin zioten.

Herrialdeko Ingurumen diputatu Juan Carlos Alduntzinek eta Mikel Izagirre Ezker Anitzako ordezkariak atez atekoaren aldeko jarrera hartu zuten. «Atez atekoa da sistemarik eraginkorrena, baina norbaitek badakar beste sistema egokiago eta hobea, gaika jasotzeko hiri hondakinak, baita organikoa ere, kontuan izango dugu», esan zuen Alduntzinek.

EAJko eta PSEko ordezkariak, berriz, kontra agertu ziren. Gaikako bilketaren alde agertu ziren eta errauste planta defendatu zuten. Rebeka Ubera Aralarreko ordezkariak, berriz, alternatiba bat baino gehiago dagoela nabarmendu zuen, eta emaitza onenak ematen dituena atez atekoa izanda ere, sistema hori bera ere zabala dela.

Denis Itxasok atez atekoarekin atzetik aurrera hasi izana leporatu zion Bilduri. «Ezin dugu gaika jasotzen hasi eta konposta tratatzeko plantarik ez eduki. Etxea behetik hasi behar da, eta ez teilatutik», esan zuen. Era berean, «inposatzen den guztia zeure kontra bihurtzen da», gaineratu zuen.

Itxasori Izagirrek hartu zion lekukoa: «Behartu? 1979. urtean, errenta aitorpena egitera behartu; ondoren, birziklatzera; gero, segurtasun uhala erabiltzera... zigarroa erretzea tabernetan, zer da borondatezkoa? Ez naiz sartuko Konstituzioa zelan aldatu duzuen aipatzen, kontsultarik gabe. Kontua da hondakinen birziklatzea herritarren beharra den ala ez».

Sistemarik merkeenaz galdetuta, hiri hondakinen kontuetan merkerik ez dagoela esan zuen Arrizabalagak. «Errauste planta garestia da, baina zabortegiak ere bai», esan zuen.

Gaur egun, urtean, gipuzkoar bakoitzeko 304 kilo bidaltzen direla zabortegira gogoratu zuen Alduntzinek. Ordu eta erdi luzeren ostean ireki ziren Zabalotegiko ateak. Hondakinen gaia, hainbeste urtez zokoratua, guztion ardura dela jakitun.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo