KRONIKA | BIHOTZ ZURI-GORRIA
Amets ahaztezina, ilusio are handiago baten hazia
Old Traffordeko ametsa borobildu zuen atzo Athleticek, une ahaztezinez betetako egunei amaiera emanez. Agur pozgarria, halere; uztaroaren ondoren, hazi berrien ereintza baitator.
Amaia U. LASAGABASTER
Iragana, oraina eta etorkizuna bildu zituen atzo Athleticek San Mamesen. Astebete lehenago hasitako ametsa borobildu zuten zuri-gorriek, eta historiarako kapitulu gogoangarria idatzi, taldearen joko-sasoi ikusgarria berretsiz eta erronka berriei atea zabalduz.
Gertatutakoa futbol-zelaira mugatzea, baina, sinpleegia izango litzateke. Athleticek aspaldi gainditu zuen arlo hori, «zuri-gorritasun» izeneko kontzeptu oso bati zentzua emanez, hiztegiek oraindik horrelakorik jaso ez arren. Eta sentimendua baino, bizimodua den zuri-gorritasunak ere, iragana, oraina eta etorkizuna bateratu zituen.
Iragana, kasu honetan ere, historiari dagokio. Urte askotan halako poztasuna ukatu duen historia, Manchester Uniteden beraren aurka orain dela sei hamarkada jasotako kolpeaz mintzo dena, eta bere lehorte garaiekin arrakasta nahia areagotu duena. Athletic zaleek badauzkate gogoan ondo iltzatzeko oroitzapen berri eta hunkigarriak.
Bai atzokoek, eta bai gaurkoek. Taldeak bezala, zuri-gorritasunak ere besoak zabaltzen baitizkie, etengabe, belaunaldi berriei. Aiton-amonek, gurasoek hainbestetan kontatutako istorioen entzule izatetik protagonista izatera iritsi nahi dutenei, orainaren jabeei. Badute, hemendik aurrera, ondorengoei kontatzeko zuzen-zuzenean disfrutatu izandako pasadizoa.
Eta ez nolanahikoa, azken egunotan bizi izandakoa ikusgarria izan baita. Old Trafforden gertatutakoa, eta batez ere, atzokoa. Azken batean Euskal Herrian, Bilbon, dago Athleticen bihotza. Jantziak, balkoiak, aurpegiak, txakurrak, ibilgailuak eta erakusleihoak zuri-gorriz margotu dituen bihotza. Bere taupadekin gainerako zarata guztiak estali dituena. Partida hasi aurreko orduak urduritasunez, emozioz, gogoz, barreguraz, ilusioz eta beste milaka sentimenduz bete zituena. Gaua amaigabe bilakatu zuena. Athleticen himnoa edonon entzunarazi zuena. Bilboko hiriguneari inurritegi erraldoi baten antza eman ziona. 2.000 ingelesen presentzia lausotu zuena. Txapelen neurriak eta puruen salmenta biderkatu zituena. Partida hasierako txistuarekin eztarri guztiak bateratu zituena, edozein koloreko deabruak izoztu zitzakeen orro ikaragarria sortuz. Taldeko 12, 13 eta 14. jokalaria bilakatu zena. Muniainek zutoinera bidalitako baloiarekin gelditu eta Llorenteren gol zoragarriarekin lehertu zena. Taldeak bere balentria burutu zuenean ezin izan ziena malkoei eutsi.
Harrotasun eta poztasun malkoak, amets honen amaiera hurrengoaren hasiera besterik ez baita. Ilusio are handiago baten hazien ereintza.