Surflari ernegatua
Hitz berri bat
Panaman egin duten munduko herrialdekako junior surf txapelketan parte hartzea erabaki zuten lehiakideak nituen hizpide, hautatu zuten taldearekin irrigarri geratuko zirela iragartzeko.
Txapelketa amaitu da. Emaitzak, nahi dituenarentzat ikusgai daude, eta nik aitortu behar dut oker nengoela.
Espainiako selekzioa ordezkatzen zuten lehiakideen artean, ez da hirugarren txanda gainditzeko gai izan den surflaririk izan; eta Espainiako selekzioak, parte hartu zuten 31 herrialdeen artean, 24. postua eskuratu zuen.
Guatemala, Jamaika eta Italia bezalako herrialde potenteak garaitu dituztela esango dute. Hori, saskibaloian, puntako jokalari talde bat, Edurnezuriren ipotxak garaitu ostean, harro agertzea bezalakoa da.
Edo mende erdi beranduago, bi estatu erraldoiek herri txiki bat menperatzeko krixtorenak eta bi egin ostean, etsai txiki hori makurtu dutela esan eta garaile gisa aurkeztea bezala da.
Porrota onartu beharrean, garaile gisa aurkeztu eta gainera harro egotea, nork bere burua engainatu eta lotsagarri geratzeko modu xelebre bat da.
Beraz, oker nengoen Panaman ere erridikulua egingo zutela nioenean. Ez dute erridikulurik egin. Egin dutena harago doa, oraindik eta lotsagarriagoa izan da.
Ez dakit berau izendatzeko adjektibo edo izenondorik ba ote den ere. Baina, baldin bada, dudarik gabe, gurea ez den hizkuntza batean izango da. Edo bestela hitz berri bat asmatu beharko dugu. Gure historiari so, tamainako erridikulua izendatzeko hitzik ez baitugu orain artean behar izan.