GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Ixabel Etxeberria | Irakaslea

Ez da inoiz bukatzen...

Maiatzaren Lehenaren bezperan, sinetsi behar dugu akordioa laguntza izanen dela lan munduan antolatzen joateko, ondoko hilabeteetan gobernuetatik hartuko diren erabakiei erantzun beharko baitzaie, eskubiderik gabe aurkitu aitzin

Sei milioi eta laurehun mila boz eskuin muturraren alde. Emendatze handia prentsa guztian komentatu izan dena, pisu handia daukana hauteskundeetako bi itzulien artean. Astintze bat immigrazioa eta seguritatea arazo ez diren eremuetan, eskuin muturrak emaitza onak lortzen baititu. Aipatutako bi gai horiek Le Penen gai kuttunenak direlarik. Ipar Euskal Herrian ere eskuin muturraren presentziak galdekatzen gaitu, erantzuna bilatu beharko diogu, edo ez, soilik erran arrazismoaren aurka garela, langabeziak, eskubideen murrizketak sortzen duela inseguritatea. Eskuin muturraren indartzeak hemen ere tentsio berriak ekar ditzake, ez baitugu ahantzi behar Ipar Euskal Herriko gizartea kontserbadorea dela.

Alderdi politikoetako eliteen aurkako diskurtsoa zabaldu du Le Penek. Alegia, politikan ari direnak susmagarriak direla, politikan ari diren denak zaku berean sartuz. Egia da eskandalu handiak ikusi ditugula eta klase politikoa frantses Estatuan lagunen artean antolatua dela askotan. Haatik, gaur egun politikan sekula baino garrantzitsuagoa izaten ari da ezkerreko indarren kontrako erasoa, eskubideen kontrako lanak oso bortitzak baitira. Gaurko sistemak ez ditu jende politizatuak, antolatuak nahi, formakuntza politikoak errealitatea irakurtzen laguntzen baitu, beldurra uxatzen du, politikari maltzurren benetazko aurpegia argitzen.

Sarkozyk egoera nahiko kaskarra du; baliteke Hollandek bere tokia hartzea. Baina Hollandek ba al du Euskal Herriarekiko interesik? Pastoralaren ikustera etorri zen, baina ez du euskararen ofizialtasunari buruz deus erran. Bake prozesuari buruz ez du hitz egin, presoen hurbilketaz berdin, gure erabakitzeko eskubideaz ez diogu deus entzun. Nahiko eskas gelditzen da, haren alde bozkatzeko. Soilik Sarkozy botatzeko? Tentazio handia da, noski! Bi itzulien artean zerbait erranen balu, aginduko balu beharbada...! Hautua ez da erraza izanen, baina Hollanderen alde bozkatzea... gainera, jakinez egoera ekonomikoa okertuz joanen dela frantses Estatuan eta Hollandek austeritatea baizik ez digula ekarriko...

Akordio estrategikoa izenpetua izan da. Urteetako aldarrikapena errealitate bihurtu da, ezin sinetsia da hain hilabete gutxitan egin den bidea! Sekulako tresna da mahai gainean gelditzen zaigun lanarendako! Haatik, hartzen erraza ez den bihurgunea dugu hor. Politika beste parametro batzuetan egitea eskatzen baitu. Inguruari irekitzera behartzen gaitu, lan tresna berriak asmatzea eta erronkei aurre egitea. Euskal errepublikari eremuak sortu beharko dizkiogu, ez da frantsesik ez espainolik izanen, euskaldunak garelako, horrela bizi nahi dugulako! Noiz ezabatuko dugu muga hori? Akordio soilak ez baitira aski!

Maiatzaren Lehenaren bezperan, sinetsi behar dugu akordioa laguntza izanen dela lan munduan antolatzen joateko, ondoko hilabeteetan gobernuetatik hartuko diren erabakiei erantzun beharko baitzaie, eskubiderik gabe aurkitu aitzin.

Ez da inoiz bukatzen, ez dakit non atzematen dugun indarra! Beharrik, jende berria, animoz betea, aurkitzen da beti lekukoaren hartzeko!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo