Estibalitz EZKERRA Literatur kritikaria
Artearen funtzioa (I)
Ostegun gaua. Goiz osoa idazten eta arratsaldea irakurtzen igaro ostean, Internetera jo dut kultur arloko azken orduko albisteei begirada bat emateko. Gauza handirik ez, egia esan. Edvard Munchen «Oihua» margoagatik New Yorkeko Sotheby's-ek antolaturiko enkantean erosle anonimo batek ordaindutako diru kopuruak titularrak sortzen jarraitzen du.
Artean aditua den kazetari batek amorruz dio arte merkatuak Munchen giza kondizioari buruzko gogoeta lazgarria jostailu salgarri bihurtu duela. «Kultur totem preziatuenak hain modu hutsalean, oihuak salduz eta amildegiak erosiz, tratatzen dituen gizartea gaixo dago. Baliteke `Oihua'-k gure garaiaz guk uste baino gehiago adieraztea». Kazetari beraren hitzak dira.
Gaur egungo kultur sistemarekin haserre dagoen beste ahots bat. Kasu honetan, literatura da arazoa, edo, hobeto esanda, idazleak. «Non daude gaur egungo literatura nomadak?», galdetzen du testuaren egileak.
Jarraian, George Orwell, Henry Miller, Graham Greene, eta beste idazle batzuek infernura egindako bidaia deskribatzen du, labur, garai batean errealitatearen alderik ilunenak idatziz jartzearren egile horiek beren bizimodu lasaia sakrifikatzeko azalduriko prestutasuna goraipatuz. «Gaur egun, idazle batek bere oinetakoak zikintzen baditu, Hay jaialdiko zelaiak zeharkatzen edo Galle-koan zegoela euri zaparrada batek harrapatu duelako da. Zer gertatu zaio abangoardiari?».
Kazetari baten zein bestearen ezinegona eta ardura ulertu arren, aitortu behar dut beren argumentuen oinarrian dauden usteek, cultural capital delakoari egindako azaleko kritikak, azken batean, harritu egin nautela.