GARA > Idatzia > Kultura

Hizkimizki.com webguneak euskara 42 hizkuntzekin jartzen du harremanetan

GARA | DONOSTIA

Topagunea euskara elkarteen federazioak Hizkimizki.com webgunea aurkeztu zuen atzo. Tresna berri honek hizkuntzen arteko poltsikorako oinarrizko hiztegiak sortzea du helburu, eta guztira, 43 hizkuntza biltzen ditu, euren arteko konbinazioak eginez, 1.806 oinarrizko hiztegi sortzen dituelarik. Hizkuntza horietako asko lehen aldiz jarri dira bata bestearekin harremanetan, esaterako, aragoiera-nepalera edo fula-islandiera.

Webgunearen funtzionamendua argia da, atzo azaldu zutenez. Erabiltzaile bakoitzak berak nahi duen hizkuntza bikotea hautatu, eta momentu horretan bertan bi hizkuntza horien arteko oinarrizko hiztegia sortzen du datu baseak: maketatuta ematen du, Din A4 batean inprimatu, tolestu, eta poltsikoan sartzeko prest.

Hiztegiek komunikatzeko beharrezkoak diren nozioak biltzen dituzte, hala nola agurrak, ohiko galderak eta abar. Esaldi horien artean euskarari eta Euskal Herriari erreferentzia egiten dioten esaldiak bildu dira webguneko 43 hizkuntzetan. Horrenbestez, Hizkimizki Euskal Herriaren enbaxadorea izango dela esan genezake.

Euskararen onurarako egindako lan hau bestelako hizkuntza gutxiagotuen onurarako ere erabilgarria izan daiteke. Izan ere, erabiltzaileak inoiz harremana izan ez duten hizkuntzen arteko hiztegia sor dezake, adibidez, alemanaren eta kitxuaren artekoa. Hori dela-eta, kitxuaz hitz egiten duten herrialde batera doan alemanak kitxuaz komunikatzeko aukera izango du, gaztelaniara edo ingelesera jo beharrik gabe.

Hizkimizki.com aukeratutako edozein hizkuntzen arteko zubilana egiteko baliatu ahal izango du erabiltzaileak. Aurrerantzean poloniera-errumaniera, errumaniera-poloniera eta nahi beste konbinazio egin ahal izango da. Proiektua garatze bidean dago. Aurrera begira erabiltzaileak izena eta pasahitz baten bitartez datu baseko informazioa zuzendu, aldatu eta gehitzeko aukera izango du. Gainera, etorkizunean hiztegiak gaika sortzeko aukera ere izango du erabiltzaileak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo