GARA > Idatzia > Kultura

Argia eta itzala kolore biziz janzten dira Xabier Soubelet margolan espresionistetan

Xabier Soubelet margolari eta idazleak Baztango paisaia koloretsuak eta kostaldeko portuetako irudiak bildu ditu Donibane Lohizunen ikusgai dagoen «Euskal espresionismoa» erakusketan.

Idoia ERASO | DONIBANE LOHIZUNE

Kolore anitz eta biziez osaturiko bere obrak zer diren galdetzean horrela definitzen du Xabier Soubeletek bere lana: «Barneko espresioa da, espresio bortitza, nire barnea ez baita itsaso bare bat. Irakiten ari den ura edo uhina da. Euskal Herrian gaude eta gure egoera gure historia da ere». Argia eman ondoren, bere obra definitzeko itzala ere eman zuen: «Obra ez da irudi bat, ez da argazki bat. Niretzat espresionismoa da, inpresionismotik harago doana».

Argia da artistaren interesaren muina, eta argia da abiapuntu datorren igandera arte ikusgai dagoen erakusketan. Argitasuna eta ondoan iluntasuna, bere azken urteotako lanen ezaugarri nagusitzat honakoa esan zuen Soubeletek: «Argia eta itzala nire sinadura izan daitezke. Beti argiaren bila noa, eta argia izateko itzala behar da, bestela ez da ikusten».

Rotonda galeriako erakustokian ikusgai dagoen «Mendi gorria» lanak ezaugarri nagusi hau erakusten duela azpimarratu zuen margolariak: «Argitasuna berehala ikusten da mendietan, justu azpian edo ondoan itzala dagoelako, horrela argia nabarmentzen da».

Abstrakzioa

Argiarekin batera azkenaldian abstrakziorako duen joera ere nabarmendu zuen artistak, bere lanei buruz ari zela. «Iruditan agertzen diren mendiak bolumenak dira, tartean agertzen diren etxe zuriekin paisaiak direla ikusten da, mendiak eta larreak ezagutzen dira, bestela bolumenak besterik ez lirateke ikusiko», azaldu zuen artistak «Bordak dantzak» obrari buruz. Honakoa ere gaineratu zuen: «Nahiz eta abstraktura jo, paisajista naizela esan daiteke».

Paisaiak dira Soubeleten lanetan protagonista. Gehienetan Baztangoak atzeman daitezke, nahiz eta itsasoak ere bere tokia duen. Kontraesankorra badirudi ere, berdearen tokia txikia da. Koloreen aukera estiloaren arabera egiten du margolariak, barneko espresioaren adierazle legez. «Berdea ez dut baztertu, baina Euskal Herriko irudi faltsua dugu: Euskal Herria ez da berdea, parte handi bat horia da. Aldi berean, horia anitz erabiltzen dut, argiaren kolorea ere badelako».

Idazlea ere baden margolariaren obretan Xabier Soubeletentzat koloreek duten garrantzia nabarmentzen da. »Aurten ere bilusik» poeman esaterako: «Aurten ere isuri/Gorri, more eta txuri/ Aurten ere bi hots/ Esku arin eta bihotz».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo