Lehen sektoreari bultzada eman nahi dio Aiarak sanisidroetan
Abeltzaintzak eta nekazaritzak garrantzia handia izan dute betidanik bai Aiaran bai eskualde osoan, bertako ekonomiaren motore baitira. Belaunaldi zaharrek berriei lekua egin behar diete, baina horretarako ezinbestekoa da gaurko belaunaldiak prest egotea. San Isidro jaiak abiapuntutzat hartuta, «lehen sektorearen astea» ospatuko du Aiarak, non erronka eta aukera berrien inguruan hausnarketa egitera bultzatuko duten hitzaldiak nagusituko diren.
Oihane LARRETXEA | DONOSTIA
Belaunaldi zaharrek lekua egin behar diete ezinbestean hurrengoei, horiek baitira etorkizuna. Ideia berritzaileak, eta, beraz, freskotasuna. Ideia horrek ondo laburbiltzen ditu bihar hasi eta datorren ostegunera arte Aiaran ospatuko den lehen sektorearen astearen nondik norakoak, aukerez eta erronkez mintzatuko baitira.
Eskualdeko motore ekonomikoetako bat nekazaritza eta abeltzaintza direla kontatu dio Aiarako alkate Josu Artetxek GARAri, eta Udalak sektore honekin duen konpromisoaren erakusle da, bere hitzetan, aurten lau egun izango dituela festak, orain arte egun bakarrekoa zela aintzat hartuta.
Erakunde publiko gisa, euren esku dagoen guztia egingo dutela baieztatu zuen eta, gaur egungo egoera oso ona ez dela onartu arren, hobetzeko saiakerak egiten jarraituko dutela gaineratu zuen. Hain justu, horren inguruan egingo dira hausnarketa piztea helburu duten hainbat hitzaldi, baina hel diezaiogun programaren hasierari.
Herrian orain bi aste ospatu zituzten sanprudentzioak, txupinarekin abiatuta; lehen sektorearen asteari, berriz, bolo jaurtiketarekin ematen diote hasiera, Bola Toki Klubean. Hala ere, esan daiteke programa asteartean hasten dela, San Isidro egunarekin batera. Euskal Herriko artisau produktuen salmentaz eta erakusketaz gain, animaliak ere izango dira, baina Artetxek talo tailerra nabarmendu du: «Lehenengo aldiz antolatu dugu, interesgarria iruditzen baitzitzaigun umeak erakartzea, eta modu batean edo bestean parte hartu ahal izatea. Haurrak ikastolarekin etorriko dira», iragarri zuen.
Egunean zehar halaber, gazta lehiaketa izango da, baina Aiara udalerriko gaztandegiek soilik hartu ahal izango dute parte, helburua, besteak beste, «bertako sektoreari bultzada, babesa ematea baita», gogorarazi du alkateak. Basatxerri errearen dastatzeak eta nekazaritza-makineria erakusketak itxiko dute San Isidro eguna.
Ondorioztatzeko eztabaidatu
Hitzaldien txanda UAGA-LUR Arabako nekazarien elkarteak zabalduko du 12.00etan, salmenta zuzenerako bideak aztertuko dituen hitzaldiarekin eta, jarraian, Aldundiko ordezkari Marta Atxaerandio izango da udaletxeko erabilera anitzeko aretoan, «Abeltzaintzaren irabaziak eta baldintzak» aurkezten.
Areto berean, baina 18.30ean, «Eredu parte-hartzailea landa garapenerako ekimenetan» izeneko hitzaldia eskainiko du Yolanda Uriartek, Aramaio Baserri Barri fundazioaren eskutik. Parte hartzea oinarri duen proiektu hori duela bi urte sortu zen, hiru baserritar talderen eskutik; gaur egun dagoeneko bederatzi dira. Aramaion dituzten instalazioetan sagar zukua egiten dute, eta ekoizleak bertako baserritarrak dira.
Ostegunean, hilaren 17an, azkenik, abeltzaintzak eta nekazaritzak izan ditzakeen aukera berriak jarriko dira mahai gainean -18.30ean-, aukera berri horiek hain zuzen, kontsumitzaileentzat berme berriak ekar ditzaketela ulertuta. Abeltzaintza ekologikoaren gainean Arabako lurraldeak izan duen esperientziaz ere mintzatuko dira, horregatik ardo ekologikoaren dastatzearekin emango zaio amaiera sektoreari eskainiko zaion asteari. «Hitzaldiak diren aldetik, ondorio aberasgarriak, eta erabilgarriak atera daitezkeela uste dugu», esan zuen Artetxek.
Lehen sektorean aspalditik lanean dihardutenak, gaur egun adinekoak direnak, ezkor daudela dio Josu Artetxe Aiarako alkateak. Badakite etorkizuna berma dezaketenak gazteak direla.