Kronika | Olatu Talka 2012
Kulturaz zipriztindu ditu Olatu Talkak Gipuzkoako hiriburua eta bazterrak
Olatu Talka jaialdiak kulturak bere baitan izan ditzakeen adierazpide eta espresio mota gehienak elkartu zituen atzo Donostiako kaleetan. Gipuzkoako hainbat herri ere zipriztindu zituen herritarrek osatutako olatu honek.
Ane ARRUTI
Eguneroko lanak kalean erakusteko eguna izan zuten atzo Donostia 2016ko Europako Kultur Hiriburu izendatu berritan ospatu den hirugarren Olatu Talka jaialdian parte hartu duten ehunka elkartek eta herritarrek. «Gure lana jendeari ezagutarazi nahi diogu», errepikatzen zuten parte hartzaileek. Bezperako Ostiralive kontzertu zaparradari lekukoa hartuz, goizetik abiatu ziren ekintzak Donostiako auzo ezberdinetan. Bulebarrean kokatu ziren, esaterako, Bidezko Merkataritzaren Nazioarteko Eguna ospatzeaz gain, bertaratutako herritarrak gai honen inguruan informatu eta sentsibilizatzen lanean dabiltzan elkarteak.
Bestalde, etorkizun laburrean sukaldari profesionalak izango diren Basque Culinary Centerreko ikasleek, euren testigua hartzeko prest izan zituzten Bretxa kanpoaldean jarritako Basque Culinary Children gunean. Etxeko txikienek ilara egin zuten bertan pizzak eta postreak prestatzeko. «Larunbat goizetan tailerrak antolatzen ditugu haur eta familientzat eta sekulako arrakasta dute», azaldu zuen sukaldari eskolako ikasle Antonio Sanchez sevillarrak.
Kursaalen atzealdetik abiatu zen, berriz, Gipuzkoako ONCEk antolatutako kriskitin-lasterketa. Korrikalariek, konfiantzazko bikote bat ondoan zutela, atleta itsuen azalean sartzeko aukera izan zuten; begiak estalita, bikoteak zeraman kriskitinari segika eman zioten buelta Kursaali. Juan Karlos Izagirre alkateak ere hartu zuen parte; bigarren postuan sailkatu zen gainera.
Pilar Soberonek “Zubian barrena” instalazio artistikoa egin zuen ibaian; Stop Desahucios-ek kaltetuen argazki erakusketa osatu zuen Trinitate plazan; diseinatzaile gazteek euren lanak erakutsi zituzten Askatasunaren Etorbidean egindako desfilean; eta, Gipuzkoa osoko musika eskoletako 801 musikarik kontzertu berezia eskaini zuten arratsaldean Katalunia plazan, Txirri, Mirri eta Txiribiton pailazoen eta Kresala dantza eskolako dantzarien laguntzaz.
Ezinezkoa badirudi ere, guztia jaso nahian aritu ziren Gipuzkoako Argazkilaritza Elkarteak abiatutako argazki rallyan parte hartu zutenak.
Gaur ere goizean goizetik hasiko dira ekintzak. Egitarau osoa www.olatutalka.eu atarian ikus daiteke, baina emanaldi batzuk aipatzearren, Urumea ibaiak izango du gaur protagonismoa. Izan ere, stand up paddle surf estiloan, garbiketa-lasterketa egingo dute ibaian gora, 10.30ean Agirre Lehendakaria zubitik hasita; 14.30ean, berriz, tokiko produktuen balioa goraipatzeko bazkari kulturala izango da Bulebarrean, parte hartzaile guztiekin.