GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Fredi Paia Bertsolaria

Motor emozionalak

Are gehiago esango nuke, petrolioarekiko baino dependentzia handiagoa dugu haserrearekiko

Urteak dira, xirulak sugea bezalatsu, Aretxabaletako bardoaren berba batzuek nire koordenada espazio-tenporaletatik atera nindutela. Aurretik amestu ditugula diruditen une horien gisan, mendiko bidegurutzeetan olio erredun arimen usaina nabaritzean legetxe, kanpotik datorren zeozerk gure barruan lo zegoen zerbait iratzartzen du.

Egun hartan, ikasgelako hormetatik harago behar zuen zerumugan galdutako begirada hura jarraitasun kulturalaren balioaz mintzo zen. Iraupena helburu, norbere izatea denboran luzatu espazioan barik, hari mehe izugarri luzea, laburragoak liratekeen alfonbra zabal eta koloretsuen aldean. Muturreko adibide bi: Euskararen Herria eta Erromatar Inperioa.

Iraupen prozesu hori aurreko mendeko 60ko hamarkadako euskal kultura modernoaren pizkundetik aurrera deskribatu zuen. Ordura arte hamaika ikuspegi ezberdinetatik entzunda nuen analisi bera niretzat berria zen prisma batetik azaldu zigun, dinamika ezberdin bakoitzaren motor izandako emozioaren ikuspegitik. Pertsona berak, eta ideologia berberaren baitan, aldarrika bailezake: «zuek faxistak zarete terroristak!» edo «dantzarik ezin egin baliteke, hau ez da nire iraultza!». Esaldi bien arteko ezberdintasunik handiena euren motore diren emozio ezberdinak dira. Lehenengoan amorrua, bigarrenean armonia desira.

Sasoi batean unibertsitateko ikaskide izan nuen neskato errioxar batek itaundu ohi zidan politikaz hasten ginenean: zergatik zaudete beti haserre? Eta egia esan, ez dira gutxi haserre egoteko arrazoiak. Garai hartan haserretzeko eskubidea aldarrikatzen nuen. Izan ere, haserrea gatazka larri baten ondorio logikoa da. Baina hori baino, aldaketak sortzeko ezinbesteko energia pertsonal eta soziala, (deitu mobilizazio gaitasuna, gauza ezberdin bi diren arren) sortzeko tresna bat da. Are gehiago esango nuke, petrolioarekiko baino dependentzia handiagoa dugu haserrearekiko. Nik neuk mila aldiz iragarri ditut euskaldunon haserrea sozialki desagertzeak lekarzkeen ondorio apokaliptikoak: asimilazioa, desideologizazioa, desmobilizazioa...

Konbentzitutakoengandik albait eta energia gehien lortzeko modua izan baliteke ere, gogor jokatzen duenak ingurua gogortzen du. Euskarak aspaldi xuxurlatu zigun «gogor» gor+gor, birritan gorra dena izan litekeela. Birritan gorra denari ezer esatea gaitza bada, pentsa konbentzitzeko ze zailtasun dagoen. Eta bertsolariaren helburua persuaditzea bada, militante politiko eta sozialak gehiengoa konbentzitzea du oinarrizko baldintza.

Ez gaitezen pendulu efektuan eror, ordea. Sozialki justua eta naturarekiko armonian bizi den Euskal Herri askea eraikitzeak mila lan mota ezberdin biltzen ditu bere baitan, mila emozio ezberdin erabiliz kudea daitezkeenak. Gure aurpegi publikoari dagokionez, gizarteari esan gura dioguna azaltzerakoan, inposatzen dizkiguten aginduen aurreko jarreran umore gehiago komeni da. Irribarrea da pertsona biren arteko distantziarik laburrena. Gizartearen gehiengoa alde dagoelako pultsua irabazi eta errentabiliza daitekeen kasuetan haserrea komeni.

Askori harrigarria irudituko zaion arren, serioa eta arduratsua ez dira gauza bera.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo