GARA > Idatzia > Kultura

Animabasque-Animabasauri jaialdiak Afrikako animazio lan onenak ekarriko ditu aurten

Maiatzaren 26tik 31ra izango da Basauri eta inguruetako Nazioarteko Animazio Zinemaldiaren zortzigarren edizioa. Afrika kontinentea eta Aardman Animation estudioa izango dira gonbidatu nagusiak.

p041_f01_148x68.jpg

GARA | BILBO

Zortzi film luze, 35 labur eta Karratu saila osatuko duten beste 51 lan Euskal Herritik nahiz mundu zabaletik DVDn iritsiak ekarriko ditu larunbat honetan hasiko den Animabasauri-Animabasque Nazioarteko Animazio Zinemaldiaren VIII. edizioak. Datorren osteguna bitartean ospatuko den jaialdiak Afrika kontinentea izango du aurtengoan gonbidatu nagusi. Gainera, dagoeneko lau Oscar sariren jabe egin den Aardman Animation estudio britainiarrari atzera begirako sail bat eskainiko diote. Bertan, besteak beste, «The Pirates!» filma emango dute hilaren 29an, Bilboko Alondegiko aretoetan. Afrikako lanei dagokionez, Michael J. Rix hegoafrikarraren «Tengers» film luzea izango da proiektatuko denetako bat. Bestalde, film laburren aukeraketa baten eta Moustapha Alassane animatzailearen «Cineaste du possible» dokumentalaren emanaldiak ere antolatu dituzte.

Egoitza nagusia Basauriko Social antzokia izango bada ere, jaialdiko hainbat ekitaldi egingo dira Euskal Herriko Unibertsitatean, Alondegiko Golem zinemetan, Euskalduna jauregian edo Guggenheim museoan, besteak beste. Basauriko Basozelai kulturgunean erakusketa bat izango da ikusgai jaialdiak irauten duen bitartean, «Papá, soy un zombi» animazio pelikulari buruzkoa. Fnac dendan, berriz, David Rubin (Ourense, 1977) margolariaren irudiez gozatzeko aukera izango da.

Film luze onenarentzat 8.000 euro eta 700 dolarrean balioetsitako software saria iragarri zuten antolatzaileek. 35 milimetrotan egindako film laburrek, berriz, 1.000 euro eta 330 dolarreko softwarea eskuratzeko aukera izango dute. DVDn aurkeztutako lanen irabazlea EHUko ikasleek aukeratuko dute eta 600 euro eta 330 dolarreko softwarea izango dira saria. Informazio gehiago, www.animabasauri.com helbidean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo