alpinismoa | Alaska
Bradley mendian bi bide ireki dituzte jardun izugarri luze eta gogorretan
Silas Rossi eta Peter Doucette estatubatuarrek bi marra oso tekniko eta gogor zabaldu dituzte: «The sum of its parts» (1.200 m, V, AI6, M7, A2) eta «Heavy Mettle» (1.400 m, V, WI5+R, M6, A0).
Andoni ARABAOLAZA
Alaskako mendi eta murru ezberdinetan jarduera oso interesgarriak egiten ari direla aipatu dizuegu azkenaldiotan. Aurtengo denboraldia oso emankorra izaten ari da, eta, lerrootara dakarkizuegun azken berria, horren guztiaren isla da.
Oraingoan bi protagonistak Silas Rossi eta Peter Doucette estatubatuarrak dira. Biak ala biak mendi gidariak. Helburua: Bradley mendi ezagun zein erakargarria. Eta sokada horrek eginiko proposamenak txapela kentzeko modukoak dira. Batetik, bi bide berri zabaldu dituztelako; bigarrenik, lehen saioan egin dituztelako; hirugarrenik, marra gogor eta teknikoak direlako; eta, laugarrenik, jardun izugarri luzeak izan direlako.
Lehen marrak «The sum of its parts» du izena. 1.200 metro berri, eta honako zailtasunak: V, AI6, M7, A2. Apirilaren 17an ekin zioten lehen erronkari, eta, hura sinatu ahal izateko, 49 ordu behar izan zituzten. Doucettek dioenez, eskaladaren kalitatea handia izan zen oso: «Mendiaren hego aurpegia hautatu genuen. Hain zuzen ere, `The gift' bidearen eskuinean den artesi ikusgarri bat jarraitzen du. Hasteko, izotzezko murru tente batzuk eta mistoko tarteak gainditu behar izan genituen. Ondoren, sabai baten azpian dagoen diedro eder bat eskalatu genuen. Misto zaila zen, M7 ingurukoa, eta sabaitik ateratzeko artifiziala erabili genuen. Amaieran, mendebal ertzarekin bat egiten du, gailurretik 100 metro beherago hain zuzen ere».
Guztira, 28 luze eskalatu zituzten; alpinisten arabera, horietako batzuk oso psikologikoak. Tarte gogorrenetariko bat 150 metroko tximinia izan zen, AI6 zailtasunekoa: «Izotz zein elur bertikala zen, eta aseguratzeko komeriak izan genituen».
Non-stop
Rossi zein Doucettek lehen aldia zuten Ruth Gorgen, eta, jakina, Bradley mendian. Gogotsu zeuden, eta, gainera, eguraldia lagun zuten. Lehen igoeraren ondoren, astebeteko atsedena hartu zuten, eta berriro martxan jarri ziren.
Doucettek aurreratu duenez, izotzezko marra agerikoa aukeratu zuten: «Eskiak hartu eta eki ertzeko ipar aurpegira hurbildu ginen. Korridore batetik hasi ginen, baina, tarte batzuetan, harkaitzezko murru txiki batzuekin moztuta zegoen. Zati gogorrak izan ziren, mistoan M6 ingurukoak. Korridorearen amaieran ezkerrera jo genuen. Zeharkaldi hori egiteko diedro sistema batzuetatik eskalatu genuen. Aurretik, 550 metroko diedro gogor bat; izotza eta elurra nahasturik. Azkenean, tontorretik 250 metrora geundela, eki ertzera iritsi ginen. Eta handik gailurrera».
«Heavy Mettle» da bide berria, 1.400 metroko ditu eta V, WI5+R, M6 eta A0 zailtasunak. Joan-etorri horretarako, Rossik eta Doucettek ia 44 ordu behar izan zituzten.
«Bere estiloan bi marrak oso onak eta zailtasunean iraunkorrak dira. Lehen aldia genuen han, eta dena primeran atera zaigu», dio Doucettek.
Silas Rossi eta Peter Doucettek zabaldutako marrak lehen ahaleginean ireki dituzte, eta bide bakoitza irekitzeko 43 ordutik gorako jarduna behar izan dute.