GARA > Idatzia > Euskal Herria

Kronika | Gipuzkoako eskola txikien 25. festa

Haurrek sustraiak herrian bota ditzaten zaindu beharreko hazia

Euskarari ekarpen handia egiten diote, baina beste funtzio garrantzitsu bat ere betetzen dute eskola txikiek: herriak bizirik mantentzen dituzte, eskoloi esker haurrek sustraiak euren jaioterrietan botatzen baitituzte. Larraulgo eskolak atzo bere egun handia ospatu zuen, lekukoa Olaberriari eman aurretik.

p018_f01.jpg

Oihane LARRETXEA

Eñaut Azkuek 2 urte ditu eta irailean Larraulgo eskola txikian hasiko da. Lehen aldiz gurasoen magala utzi eta egun parkean ikusten dituen lagunekin elkartuko da ikasgelan. Bertan, jolasteaz gainera, asko ikasiko du. Oraindik txikia da konturatzeko, baina, hemendik urte batzuetara, ohartuko da bere herrian bezala beste herrietan ere eskola txikiek jokatzen duten paper garrantzitsuaz.

Mari Carmen Treku amonak harrotasunez begiratzen zion atzo Eñaut bilobari. Berak bezala alboan zuen Maria Jesus ahizpak eta gainontzeko zazpi anai-arrebek ere garai batean eskola txiki berean ikasi zuten, Larraulen. Gaur egun herrian bertan bizi dira. «Gauza polita da biloba eskolara ekartzea, guk oso oroitzapen onak ditugu bizitzaren garai horretaz», erantsi zuten. Gaur, 56 eta 61 urte dituztenean, oraindik orain eskolarekin lotura berezia sentitzen dute.

«Landa garapen orekatua»

Erakunde publikoek ere, erakunde diren aldetik, izan zuten zeresana atzokoan. Izan ere, norbanakoak heldu ezin diren lekuetara heltzeko aukera dute erakundeok. Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiak Foru Aldundiak helburu duen «landa garapen orekatua» aipatu zuen, eta bide horretan kokatu zuen eskola txikiak babestu eta indartzeko beharra.

Hain zuzen, premia horretaz mintzatu zen Mikel Olano Gipuzkoako Eskola Txikietako Koordinakundeko lehendakaria, eta, batez ere, hain osasuntsu ez dauden eskola txikien alde indarra egiteko eskatu zuen. Andatzako kasua aipatu zuen, bertako eskola txikia «kinka larrian» dagoela ohartaraziz.

Mito Vega eta Ixiar Irulegik ere hartu zuten parte atzoko hitzorduan; hurrenez hurren 27 eta 24 urte eman dituzte irakasle eskola txikietan erretiroa hartu arte. Ibilbide luzeak hamaika pasadizo utzi dizkie. Ixiarrek, esaterako, ez du sekula ahaztuko Albizturren urtebetez irakasle bakarra izan zela. «Panorama ikustean negar batean jarri nintzen, eta herriko iturrian eman nuen ez dakit zenbat denbora malkoak garbitzen. Ordezkaritzan aldaketa eskatu nuen, baina ezinezkoa zela erantzun zidaten», gogoratu zuen. «Abenduan erretiroa hartu arren, oraindik eskola txikien parte garela sentitzen dugu», nabarmendu zuen Vegak. Irakaskuntzan ia hiru hamarkada eman arren, denbora bat-batean igaro zaiola aitortu zuen. «Hainbeste, konturatu orduko ikasle izan zirenen seme-alaben irakasle izan naizela!», esan zuen Vegak. Egun batean Eñaut txikiak egin dezakeen bezala.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo