itsasoa
Brasildik Fiji uharteetara, olatu guztiz desberdinetan ari dira jokatzen goi mailako lehiaketak
Ozeano Atlantikoan punta-puntako bi txapelketa egin ondoren, munduko surflari onenek Ozeano Barean dute hurrengo hitzordua. Brasilen Gabriel Medinaren kanporatze goiztiarra izan zen jarraitzaileen artean harridura handiena sortu zuen gertaeretako bat.
Haritz LARRAÑAGA ALTUNA
Pasa den maiatzean bi txapelketa garrantzitsu izan dira Brasilen, bata WCT mailakoa, eta, bestea, berriz, Prime kategoriakoa. Bietan, egun munduko rankinean goi mailako postuetan diren surflariak lehiatzen ikusi ahal izan ditugu.
Orain Brasilgo olatu bihurriak utzi eta Ozeano Bareko olatu indartsuetara egokitu beharrean dira lehiakideak. Datozen egunetan sekulako ikuskizuna izan daiteke Fijiko uharteetan itsaski handi bat sartzen bada. Beraz, lehiakideak bakarrik ez, ikusleok ere prest egon behar dugu.
Goi mailako itzulia (WCT) osatzen duten hamar txapelketetatik hirugarrena Brasilen egin zuten pasa berri den maiatzeko bigarren astean. Rio de Janeiroko hondartzetan munduko 36 lehiakide onenak izan ziren lehian.
Brasilgo hondartzetan olatuak bihurriak dira, mota guztietako ariketak egiteko aukera ematen dute, baina olatua aukeratzen jakin behar da, eta, behin olatua hartuta, beronen irakurketa egokia egitea ezinbestekoa da. Baldintza horietan, edozer gerta daiteke, aurreikuspenak edozein momentutan joan daitezke pikutara, eta horixe bera izan zen Billabong Rio Pro txapelketan gertatu zena.
Lehiakide faboritoa Gabriel Medina zen, begirada guztiak hari zuzenduta zeuden. Brasildar gazte honek AEBetan amaitu berri zen Prime kategoriako Lower Trestles txapelketa irabazi berri zuen, eta, beraz, sasoiko zen. Bere etxean, bere hondartzan, irabazteko aukera anitz zituen, baina lehen txandan kaleratua izan ostean, bigarren itzuliko aukera izan zuen eta txanda hori pasatzea ere ez zuen lortu.
Medinaren ezusteko kanporaketak ate guztiak irekita utzi zituen. Faboritoen zerrenda asko zabaldu zen, izan ere, baldintzak ikusita asko ziren txapelketa irabazteko benetako aukerak zituzten lehiakideak.
Brasilgoa, aurtengoan WCT itzulian sari handienak dituen txapelketa da. Gainontzeko txapelketetan 425.000 dolar banatzen dira saritan; Brasilen, ordea, 500.000 dolar. WCT itzuliko txapelketa bat egiteko lekuak baldintza bereziak bete behar izaten ditu. Baldintza nagusia olatuaren kalitatea izan ohi da, baina Hego Amerikan, Ozeano Atlantikoan, txapelketa bat egitea ere interesgarria da hainbat ikuspuntutatik, munduko mutur desberdinak ukitze aldera.
Hego Amerikak itsaski bortitzak ditu mendebaldeko kostaldean; ekialdean, ordea, itsaskiak eta olatuak ez dira hain indartsuak. Beraz, bestelako irizpideak gailentzen dira WCT mailako txapelketa bat egiterako orduan. Irizpide bat, irizpide ekonomikoa da. Horregatik eskaini behar dute diru sari handiagoa. Horiek horrela, irabazlea John John Florence izan zen eta ohiko 75.000 dolarrak irabazi beharrean, 100.000 dolar irabazi zituen.
Joel Parkinson australiarraren aurka final ikusgarria jokatu zuen Florencek. Eguzkia, metro eta erdiko olatu garbiak eta bi belaunaldi desberdinetako lehiakideak buruz buru. Biek egin zuten tubo bat aurpegiz, antzeko eskuin olatuan, eta antzerako puntuazioa jaso zuten. Bi dira, ordea, balio duten olatuak, eta Florencek ikaragarrizko ariketa egin zuen bigarren olatuan. Bizkarka egindako aireko batean ezinezkoa zirudien itzuli bat egin zuen eta ariketa horri esker lortu zuen txapela.
WCT kategoria maila gorena bada, hurrengo maila Prime kategoria litzateke. Kategoria horretan ere, txapelketa bat egin ahal izateko lekuek bete behar dituzten baldintzak oso zorrotzak dira, WCT kategorian bete behar diren baldintzen oso antzekoak. Horregatik, WCT txapelketa asko, aurrez Prime kategorian egon dira.
Bederatzi dira aurtengo Prime itzulia osatzen duten txapelketak, eta, Brasilen, Saquaremako hondartzan, maiatzeko azken astean egi zuten txapelketa da horietako bat; itzuliko laugarren proba, hain zuzen ere.
Fiji uharteetako hiriburua, Viti Levu irlan kokatutako Suva hiria da. Irla hori da, Vanua Levu izeneko uhartearekin batera, azalera handiena duen irla. Viti Levu uhartetik gertu dago Tavarua irla. Uharte txikia da, 120.000 metroko azalera duena. Orain gutxira arte jabego pribatua zuen, baina 2010eko uztailean lurzoruaren gaineko legedia aldatu zuten herrialdean, eta, ordutik, posible da Fiji uharteetako lekurik onenetan surf egitea.
Restaurants eta Cloudbreak dira Tavaruako olatu ezagunenak. Koral uharteetan ohikoa den moduan, Tavaruan ere olatuak hondartzatik oso urrun lehertzen dira, kanpoaldeko arrezifeetan, eta, ondorioz, bertaratzeko ia modu bakarra ontzian joatea izaten da. Irlatik taularen gainean arraun egiten ere gertura daiteke surflaria, baina irlan gutxieneko azpiegiturarik ez dagoenez, bisitariak beste uharteetako hoteletan izaten dira gehienetan.
Aurten, aspaldi izan den itsaskirik handiena izan da, eta surflari asko izan dira itzelezko olatuak hartzera bertaratu direnak.
Munduko 34 lehiakide onenak bilduko dituen txapelketa Cloudbreak olatu entzutetsuan egingo da. Azken hiru urteotan ezin izan da bertan txapelketarik egin, aurrez aipatutako legediarengatik, baina, aldiz, 1999tik 2008ra bitartean ia urtero egiten zen txapelketa zen. Hain zuzen ere, 2001ean eta 2007an salbu, beste urte guztietan jokatu zen txapelketa.