GARA > Idatzia > Kultura

Artiola Artisautzaren Gunea jaio da Errenterian, sektore honen erreferentziazko zentro izateko

34 urte dituen eta Euskal Herrian eredu den Errenteriako artisau azokaren jarraipena da Artiola. Gune hau harago doa, prestakuntzan, ikerketan eta bertze arlo batzuetan sektorea dinamizatzeko sortu baita.

Maider IANTZI | DONOSTIA

Artisautzaren erreferentziazko zentro izateko jaio da Artiola. Errenteriako Merkatuzar eraikinean du egoitza eta sektoreak berak eta bere elkarte sareak gidatzen dute. Egungo beharrei erantzun nahi diete, eta artisau guztiei ateak ireki, «gaur Gipuzkoan, bihar Euskal Herrian».

Atzoko aurkezpenean azaldu zutenez, orain artean sektorean «hutsik» egon diren guneetan artisautza dinamizatzeko sortu da, prestakuntza eta ikerketa esate baterako; artisau ogibideari balioa emanen dion kalitatezko erakusketa eta salmenta gune bat sustatzeko; eta kudeaketan lagunduz ekimenak bultzatzeko. Artiola.org webguneak informatu eta dinamizatu eginen du, eta artisauen proiektuak jasoko ditu.

Ereintza, Gabiltza eta Lur

Ereintza kultur elkartearen eta Gabiltza eta Lur artisau elkarteen elkarlanaren emaitza da artisautzaren gune hau, eta Errenteriako Udalak eta Gipuzkoako Aldundiak lagundu diote. Oscar Usetxi Berrikuntza eta Jakintzaren Sustapeneko zuzendariak jakinarazi zuenez, Aldundiak eskulangintzaren alde egin du apustu, eta laster kaleratuko duen dekretuan, iazkoa baino diru-laguntza handiagoa bideratuko du sektorera, 253.000 euro. DVD bat ere aterako dute artisauek nola lan egiten duten erakusteko, lanbide zaharrek irauteko eta gure memoria kolektiboan lekua egiteko.

«Artisauak gure ekosistemaren parte dira, baserritarrak bezala -jarraitu zuen Usetxik-. Gure esku dago aberastasun hau zabaltzea, eta garrantzitsua da Artiola, jendearengana hurbilduko duelako artisautza».

Errenteriako alkateak, Julen Mendozak, gune hau garrantzitsu egiten duten bi arrazoi aipatu zituen: alde batetik, berritasuna, Artiolak berritasuna ekarri nahi baitu sektorera. Eta bertzetik, Errenterian izatea bere kokalekua. Herri honetan artisautza tradizio handia dago; horren erakusgarri da 34 urte dituen azoka, eta azoka honi eta orain arte egindako lanari dagokion aitortza da, alkatearen ustez, egoitza bertan kokatzea. Hiriburua ez den herri batean izateari ere garrantzitsua deritzo. Jone Idiazabal Ereintzako kideak elkarte honek duela 54 urte jaio zenetik egindako bidea oroitu zuen, nola piztu zuen azokak herritarren interesa eta nola joan zen oihartzuna handitzen, baita exijentzia maila ere. Juan Carlos Alvarez Gabiltzako ordezkariak, aldiz, artisauak Artiolan zergatik dauden azaldu zuen. Agertu zuenez, urteak daramatzate sektoreari ikuspegi ezberdina eman nahian, azoketara bakarrik mugatu ez ditzaten eta formazioa, ikerketa eta arlo gehiago landu ditzaten.

Beiraren eskulangintza zabaltzeko jardunaldiak

Artiolak antolatu du jada bere lehendabiziko ekimena: Beira Artistikoaren Jardunaldiak astelehenean hasi ziren Errenteriako Merkatuzar kulturgunean, eta igandera arte iraunen dute. Topaketon helburua beiraren eskulangintza zabaltzea eta sustatzea da, bai eta hura erabiltzea ere, apaingarri gisa eta praktikan, materialaren ezaugarriak kontuan hartuta. Denak daude gonbidatuta artisauak lanean ikustera, beira lantzeko teknika ezberdinekin. M. I.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo