Hizkuntza-eskubideen urraketak, bere horretan
Hizkuntz Eskubideen Behatokiak 2011. urteko txostena aurkeztu zuen atzo Iruñean, berri nabarmenik gabe edo, behinik behin, euskaldunek eta euskal herritar gehienek jaso nahi luketen berririk gabe. Hizkuntza-eskubideek urratuta jarraitzen dute Euskal Herrian, lurralde osoan, eta administrazio guztiek urratzen dituzte egunero, euskaldunak etengabeko «ezintasun egoeran» ahaztuta. Hortaz, aurtengoan ere, euskaraz bizitzeko eskubideari dagokionez, zaharrak berri. Hala ere, Behatokiak eskubide horren urraketa salatzeko deia egin zuen, horixe baita «aurrerabide bakarra» eskubide horiek bermatzeko bidean. Izan ere, hizkuntza-eskubideak bermatzeko ardura dutenen jarrera zabarra eta are euskararekin erasotzailea ere ikusita, herritarrek hartu dute ardura hori, ahal duten neurrian, salaketen bidez. Hain zuzen ere, salaketa lan hori azpimarratu zuen Behatokiak atzo, eta esanguratsua da herritarren jokaera hori, esan bezala administrazioei dagokien lana izanda herritarrek beren gain hartu dutelako eta, bestetik, Euskal Herrian izaten diren hizkuntza-eskubideen urraketaren garrantziaren seinale delako.
Tristea da, ordea, eskubide bat bermatzea lortzeko, administrazioek egin behar luketena egin dezaten, haiek «gogaitarazi» beharra, hizkuntza-eskubideen urraketak egunerokoak eta ugari direlako, euskaldunak gogaitarazteko adina.