Aspeko ordezkaritza Ameriketako Estatu Batuetan
«Ameriketara joan nintzen»
Apezetxeak, Aritz Lasak, Peñagarikanok eta Arrutik bi aste eman dituzte Kalifornian eta hiru partida jokatu.
Jon ORMAZABAL
Ez ziren xentimorik gabe joan, ezta bost milioiren jabe itzuli ere, baina bizi izan dutenak benetan merezi izan duen ustearekin itzuli berri dira Kaliforniatik, bi astez Asperen eta, bide batez, pilotaren, ordezkari gisa aritu diren pilotariak; Jon Apezetxea, Aritz Lasa, Kepa Peñagarikano eta Asier Arruti.
Azken urteetako ohiturari jarraiki, Bakersfielden ospatzen den Euskal Jai erraldoian parte hartzera joan dira lau pilotariak eta Aspeko zuzendari komertzial Iñaxio Errandonea. Zinemaren hiriburua ei den Los Angelesetik bi ordura dagoen hiri honetan, artisten pare hartu omen zituzten Ameriketako Estatu Batuetan bizi diren euskaldunek lau pilotariak, Jon Apezetxeak azaldu zigunez.
«Urtero egiten dute festa hori; aurten, gainera, 40. urteurrena zen eta sekulakoa zegoen antolatuta, dantzariak, bazkaria, gure partida... Jendea erotuta, emozionatuta zegoen. Haientzat gurekin egotea, hitz egitea, musean jokatzea, mahaian gurekin bazkaltzea ikaragarria zen eta guretzat ere sekulakoa izan da. Norbera horrenbeste mirestea oso polita da».
Gainera, teknologia berriei esker, gertutik jarraitzen dituzte pilotaren gorabeherak hango euskaldunek. «Partida guztiak ikusten dituzte, denok ezagutzen gintuzten, nongoak garen eta dena, Euskal Herrian biziko balira bezala. Pentsa, igandeko partida jokatzeko takoak jartzen ari ginela, han etorri zitzaizkigun Aimar Olaizola eta Julen Retegiren arteko partidaren gorabeherak kontatzera. Beraientzat ostirala, larunbata eta igandea sakratuak direla esaten dute. Nitro-rekin batzuetan arazoak omen dituzte, baina ETBko partida denak ikusten dituzte, denak ordenagailuari itsatsita egoten direla esan ziguten».
Kirola eta turismoa
Jarraitzaile sutsu horietako bat, Mugairitik AEBetara artzain joandako Joxe Rekondo da. Bera izan dute anfitrioi, bere etxean lo egin dute eta bere familiarekin ibili dira inguruko txokorik esanguratsuenak ikusten. «Etxean bezala izan gara Joxe Rekondorekin eta eskerrak eman beharrean gara», aitortu zuen lehendik ere Bakersfielden egona zen Apezetxeak.
Zorte handia izan dute, lana eta turismoa uztartzeko moduan izan baitira lau pilotariak bidaiak iraun dituen bi asteetan. Lehen egunean herria ikusi eta ostegunean lehen txangoa egin zuten Sequoia Park-era. Ostiralean beste turismo pixka bat egin eta asteburuan Euskal Jaia hasi zen. Larunbatekoa ez omen da horren handia izaten, baina lehen partida eskaini zuten. «Igandekoa ikaragarria da, 2.000 euskaldun inguru elkartzen dira, San Frantziskotik, Nevadatik... asteburu pasa joanak». Festaren plater nagusi gisa, bigarren partida orduan jokatu zuten, ikuskizuna luzatzearren 35 tantora jokatua -larunbatekoa 30era izan zen eta biak tanto baten aldeaz erabakiak-.
Joan aurretik, bazuten asmoa partidetako batean aurrelariak atzelarien aurka jokatzekoa, baina azkenean ez zen «Peñagarikanoren gantxoa ikusteko aukerarik izan. Azkenean ez ziguten utzi, hango batzuek serioa ez zela pentsa zezaketen eta behin haraino joanda, zerbait serioagoa egin genuen».
Euskal Jaia amaituta, ingurua ezagutzeko parada ere izan zuten eta Las Vegas ezagutzeko aukera ere izan zuten, dagoeneko Euskal Herrira itzulia zen Iñaxio Errandonea gabe.
Berriz ere Bakersfieldetik pasa ostean, San Frantzisko izan zuten azken helmuga. Golden Gate-ren hiriak eskaintzen dituen atrakzio turistikoez gozatzeaz gain, azken partida jokatu zuten hango Euskal Etxean. «Bertako jaia beste data batzuetan da, baina han ginela aprobetxatuz txiki bat antolatu zuten». Etxera bueltan eta jet-lagik gabe, hasiak dira uda prestatzen. Atzo Labriten entrenatu zen Apezetxea, inbidiaz entzuten zioten Irujo, Idoate, Pacual eta Zubietari hango istorioen berri emanez.