GARA > Idatzia > Kultura

Kronika | manuel Lasarteri omenaldia orion

«Zuekin inoiz ahaztu naizenik ez uste, Lasarte zaharrak beti maiteko zaituzte»

Leitzak, Aiak eta Oriok bat egin zuten ostiralean euren seme Manuel Lasarteri azken agurra emateko. «Hitzaren errementeria» izan zenaren bertso eta pasarteak ekarri zituzten gogora bete-bete egindako Orioko kiroldegian. Bere semeak kantatutako bertsoek etenik gabeko txalo zaparrada sorrarazi zuten.

p050_f01_148x84.jpg

p050_f02_97x84.jpg

Ane ARRUTI

Leitzako Franki baserrian jaio zen Manuel Lasarte 1927an. Haurra zela, 12 urterekin, Aiara joan zen, eta, handik, Oriora. Hiru herritako senitarteko eta lagunek bat egin zuten ostiral iluntzean, otsailaren 12an zendu zen bertsolari eta errementaria agurtzeko. Agurtu baino, gogoratu egin zuten, kantu, pasadizo eta bideokin oso presente egon baitzen omenaldi xume eta ederrean.  

Itzalen artetik ingudeari kolpeka, “Haiziak bidali du” doinua entzunaz iritsi zen Lasarteren ahotsa: «Zuekin inoiz ahaztu naizenik ez uste/ Lasarte zaharrak beti maiteko zaituzte». Eta igo zen oholtzara hiru herrietako bertsolari bana: Miguel Mari Elosegi Luze (Leitza), Martin Rezabal Olaso (Aia) eta Patxi Etxeberria (Orio), atzean bideo bidez presente izan zuten bizilagunarekin kantuan egitera.

Orioko Herri Ikastolako Olaxka abesbatzako neskatoen ahots ederren ondotik iritsi ziren Andoni Egaña, Anjel Mari Peñagarikano eta Julio Soto. Uztapide, Xalbador eta Lazkao Txikiren larruan jarri zituen Unai Manterola herriko apaizak, hurrenez hurren. Zeruko atean zeuden hirurak, Lasarteren zain. «Esperientziaz esango dizut hau oso toki ona dela/ pentsa zazu ze toki ona den ni ere hazi naizela», esan zion Soto Lazkao Txikik. Egaña Uztapidek, berriz, Basarri bazetorrela-eta, bost izanagatik ere muserako gonbita egin zion iritsi berriari, «Lazkao Txikik ez du jokatzen, andreak ez dio uzten», kantatu zion.   

Gari eta Iñaki trikitilariek hartu zioten lekukoa segidan. Aurten hildako beste bertsolari bat ekarri nahi izan zuten gogora, Florentino Goiburu idiazabaldarra.
«Bertsolaritza gogorra da», irakurri zuen Bertsozale elkarteko lehendakariak, Iñaki Muruak, Lasartek utzitako pasarte batetik. «Badakit arriskutsua dela bat-bateko bertsolaritza, batez ere bat-bateko bertsolaritza, baina bertsolari denok horretan ahalegintzen gara nahiz eta erraztasun berdinekoak ez izan».  

Herritarrak kantari

Jarraian, panderoaren laguntzaz formatu erakargarrian aurkeztu eta kantatu zituzten Lasarteren bertsoak Ibai Esoain, Rosi Lazkano, Egoitz Eizagirre eta Xabier Sukia oriotarrek. Entzuleek ere parte hartzeko aukera izan zuten, «ipurdi azpian dituzuen bertso horiek hartu», gonbidatu zituen Sukiak, eta, besteak beste, Lasartek Añorgan 1973an komunari botatako «hiru bertso antologiko» kantatu zituzten denen artean. «Badaukat aurpegia, badaukat azala/ komon orrek luzaro ikusi nazala/ atzo gaueko ori izan zan itzala:/ uste nuen betiko eseri nitzala», izan zen hirugarrena.

Iñaki Perurena ere igo zen taulara beste pasarte bat irakurtzera. Bizitza zein gogorra zitzaion kontatzen zuen Lasartek, «sarritan gau osoa ohetik pasa gabe, goizean bertsoetatik etorri, arropa aldatu eta lanera». Oriotik Leitzara bizikletan joana zegoela askotan, Aiatik Oriora ere jaisten zela, elurretan askotan...

Irudikapen polita egin zuten gero gaztetxoenek. Orioko bertso eskolakoak taldean kantuan, orain gutxi Nafarroako eskolarteko txapeldun izan den eta Lasarteren papera hartu zuen Joanes Illarregi leitzarrari erantzunez. Joserra San Sebastianek kantu bat eskaini zion bertsolariari gitarra eta guzti, eta, Ander Errasti eta Maitane Mujikak, berriz, aurresku berezi bat.  

Momentu hunkigarriena bukaera aldera iritsi zen. Eusebio Lasarte semeak bertso sorta eskaini zion aitari. «Uztapide zun bere maisua ta senide gogokoa/ (...) gizaldietan ahaztuko ez den bikote historikoa», ekarri zuen gogora, «txalo artean sentitzen baitzen gudari ta aingerua», esan zuen. Bukatu zuenean, kiroldegi osoak bizpahiru minutuz txaloak jo eta jo eskertu zion semeari egindako ahalegina eta Aitor Mendizabal eskultorearen oroigarria jaso zuen denen izenean.

Patxi Oliden Danbolin musikari eta lagunak ere kantatu nahi izan zituen Lasarteren pare bat bertso, eta omenaldian parte hartu zuten guztiak oholtza gainean berekin zituela egin zuen.

Hasitako bertso berarekin eman zitzaion amaiera ekitaldi xume bezain hunkigarriari: «Entzuleak bertsoak desio dituzte/ nik ahal banu hortikan aseko nituzke/ zuekin inoiz ahaztu naizenik ez uste/ Lasarte zaharrak beti maiteko zaituzte».
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo