GARA > Idatzia > Euskal Herria

Lapurdiko bide bazterretako iragarkiak ezabatu dituzte espekulazioa salatzeko

Itsasutik Baiona arterako bide bazterretan dauden hainbat higiezin agentzien iragarkiak ezabatu zituzten atzo lurraren eta etxebizitzaren gaineko espekulazioa salatzeko eta Euskal Herria ez dela salgai gogorarazteko.

p014_f02.jpg

A. MANTEROLA | ITSASU

Espekulazioaren kontrako Ipar Euskal Herriko mugimenduak ekimen bat burutu zuen, atzo, Lapurdin. Itsasuko bihurgunetik hasita, Baiona arterako bide bazterretan ezarrita dauden hainbat iragarki taula ezabatu zituzten ekintzaileek. Bide batez, auto-karabana geldoa egin zuten, eta hainbat salaketa pankarta ere paratu zituzten ibilbidean zehar.

Taldeak jakinarazi duenez, atzokoa «Euskal Herria ez dela salgai» gogorarazteko udan zehar eramango duten «dinamika baketsu» baten abiatzea besterik ez da. Izan ere, «hauteskundeak igaro ostean garai berriak bizi ditugun arren, lurra eta etxebizitzaren problematika okertuz» joan dela deritzote.

Ekimenokin, mezu garbia helarazi nahi diete, batez ere, hautetsiei: «Oroitarazi nahi diegu egoera nolakoa den, hori aldatzeko behar diren neurriak har ditzaten».

Atzoko salaketa batik bat etxebizitzaren gaineko espekulazioarekin lotutakoa izan zen. «Higiezin agentziek salmentarako iragarki ugari jartzen dituzte bide bazterretan eta horiek izan ziren gure helburua». Alta, beren salaketa orokorra dela nabarmendu nahi izan zuten, lurraren gaineko espekulazio oro gaitzesten dutela azpimarratuz, laborantzako lurrekin egiten dena barne.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo