Julen MURGOITIO
Zezenbide-Estatua adarka
Zenbat gauza ez ote diren aurkitzen lurpean!. Orain dela ez asko, bosoia!, eta batzuk hor ari dira, eko-berrikuntzaren izenean, bosoizko berokiak merkaturatu nahian, tropiko aldeko paradisu fiskaletan bertan ere!. Orain dela gutxi, zer eta meatzariak aurkitu! Kolpea gero!. Horiena bai misterioa, lurpeko meazulotik bere kabuz ateratzen direnean albisterik ez; albistea, ostera, gorpu ateratzen dituztenean, nahiz eta holakoak meatzarientzat berria izan ez. Tira, harira! lurgainetik ari dira orain, han-hemen garraio-bideak etenez, jo eta ke, ke eta su, su eta gar, lurpetik atera ondoren. Garraio-bide idatzi dut konturatu gabe, gaur gaurkoz zer garraiatzen ote den pentsatzera iritsi gabe; are gehiago, garraio bakarra burtsako indize-bideetan gertatzen den honetan, fikziozko garraioa, alegiazkoa, uhinezkoa, kaka zaharrezkoa azken finean. Eta hau kolpea ere! ez lurrez, ez airez, ez itsasoz den garraio hori bera izan kutsatzaileena! Barrikadei darizkien negu gasak baino gehiago, alderik ere ez!. Eta kito, edo kyoto. Eta lurpetik atera gabe, lehengoan nire etxe ondokoan zer eta hezurra topatu nuen, inguruko txakurren batek gordailuan utzita, seguruenik. Eskerrak ez nuela elizarekin topo egin! bestela... berari hezurra!.
Ama, ama! udan udakoa. Jakin badakit udak urterik urte zer dakarren; hala ere, kosta egiten zait urteroko zer horretara egokitzea, are gehiago udan; negukoa hobeto daroat, udazkena pasatuta edo. Kosta. Horra, tourra! horren giroa berriro ere bueltan. Eta betiko legez nire porran ziren gehienak lurretik ibili dira gehiago bizikleta gainean baino, baten batzuk lurpetik ere. Pentsatzera ere heldu naiz apropos jausten direla, nire zerrendan daudela jakinda. Aro berrian garela entzutea ere!, niri behintzat aurreko urteetan beste jausi zaizkit aurton. Bai, udan udakoa. Entzierroak Kantauriko uretan, estropadak sanferminetan ... Baina adarkadak, benetakoak, beheko Estatuko gobernuarenak! Pasio asteko ostirala urte osora zabaldua!. Amen. Ez da harritzekoa, azken batez zezen-larruaren Estatua da eta!. Zezenbide-Estatua edo!. Eta nago ni, halako adarkadak saihesteko ez dela nahikoa kazeta eskuan ibiltzea kale estuetan, kale nagusiak hartu behar dira, lur-gainak beste lurpeak ere, kazeta eskuan bai, baina gogoeta-iturri, eta giroari buelta eman, ea orduan ez zaizkidan hainbeste jausten!.