Euskararen plana aurkeztu dute Bermeon
Bermeoko Udalak «gure hizkuntzan bizi ahal izateko» Euskararen Plan Estrategikoa aurkeztu zuen atzo, euskararen normalizazioa eta erabilera bultzatzeko «bizitzako arlo guztietan». Planaren lanketan 60 lagun baino gehiagok eta hainbat elkarte eta eragilek parte hartu dute.GARA |
«Familian, lanean, lagunartean, merkatuan, euskaraz komunikatu eta bizi ahal izateko», Euskararen Plan Estrategikoa aurkeztu zuen atzo Bermeoko Udalak, gure hizkuntzaren erabilera sustatzeko. Idurre Bideguren Bermeoko alkateak azaldu zuenez, hamar bizilagunetatik zazpik euskaraz badakite eta beste bik ulertu egiten dute.
Datorren bost urteetarako plangintza berria aurkeztu zuen atzo Bidegurenek, azken urteotan plana herritarrekin batera bi fasetan landu eta gero. Aurkezpenean, Josu Unanue Euskara zinegotziarekin, Maite Alvarez Euskara Saileko buruarekin, eta Maddi Etxebarria Elhuyar Alholkularitzako teknikariarekin agertu zen Bermeoko alkatea.
Plan estrategikoaren lanketan, 60 lagun baino gehiagok hartu dute parte, eta herriko elkarte eta eragile askok ere bai. Arloka banatutako lau lan mahaitan egin dute. Batetik, familia, transmisioa, euskalduntzea eta etorkinak izan dituzte aztergai. Bestetik, gazteak izan dira ardatza. Hirugarrenik, aisia, kirola, kulturgintza eta teknologia berriak; eta azkenik, lan arloa eta komunikabideak.
Unanuek, gazteekin egindako lana nabarmendu zuen, bere aburuz, «euskara gazteentzako erakargarria izatea» lortu behar delako. «Gazteekin egindako lana funtsezkoa izan da, eta aurrera begira ziur gaude eragile garrantzitsuak izango direla».
Diagnostiko eta ondorioak
Aipatu bezala, bi fasetan burutu da planaren aurrelana. Lehendabizikoan, euskararen egoeraren diagnostikoa egin zen, eta bigarrenean etorkizunaren nondik norakoak zehazten saiatu ziren. Diagnostikoari dagokionez, «argi geratu da herritarrek euskaraz badakitela, %90ek ulertu egiten dutelako, eta hortaz, aukera ona dago euskara erabiltzeko», adierazi zuen Unanuek. Halere, euskararen aldeko jarrerak ez daudela guztiz hedatuak ere onartu zuten planaren aurkezleek, «nahiz eta berreskuratze lanak indartzen ari diren, eta kontzientzia pixkanaka sortuz». Orotara, euskararen erabilerak behera egin du, 1989ko %43tik 2011ko% 36,6ra.
Nola aurre egin jaitsiera horri? Etxebarriak badu bere teoria: «Funtsezkoa da lidergoa izatea, hau da, herriko alor guztietan hizkuntza erreferenteak sortzea, hizkuntza jarrera aktiboak bultzatzeko». Horrekin batera, «kontzientziazioa» nabarmentzen du: «Herritarrek, eta oro har, arloan arloko eragileek euskararen erabileraren garrantziaz kontzientzia hartzea», eta ildo horretatik, bereziki, herriko euskarari balioa eman nahi diote, «Bermeoko euskara gure ondarea, gure altxorra delako, zaindu beharrekoa, eta hori erabiliz lortzen da».