Markel IRIZAR | RadioShack taldeko txirrindularia
Gure Xube
Oharkabean, Tourreko bigarren astea amaitzera doa, eta behin Pirinioak zeharkatuta, Parisko azken etapak emango dio beste behin Tour honi amaiera. Pirinioei buruz hitz egitean, nahi gabe, euskaldunak, ikurrinak eta marea laranja etortzen zaizkigu burura. 2004. urtean, profesional bezala estreinatu nintzen urte hartan, marea laranjaren «boom»a goren-gorenean zegoen. 2003. urtean Iban Mayok eta Haimar Zubeldiak, oraindik gazte-gazteak zirelarik, izugarrizko «matxada» egin zuten Tourrean, eta urte haietan taldeak zaleen babes eta presio handia zuen. Etxeko taldean, «erreferente» bat izan arren, gauzak zuhurtziaz, ongi pentsatuta eta apaltasun handiarekin egiten zituen.
Tour hartatik bederatzi urte pasatu direnean, zutabe honen protagonista, hiru aldiz sailkatu da lehenengo hamarren artean Frantziako Tourrean, eta okerrik ezean, aurten ere bide berdinari eusten dio. Horrenbeste urte horrelako maila gorenean egoteko, ezbairik gabe dohain bereziak izan behar dituzu. Gorputz guztian, zuntz eta gihar bizkorrik ez duen atleta hau, argi dago korrikalaria izan balitz, maratoilaria izango zela.
Erresistentzia ikaragarria duen txirrindularia da, eta berebiziko erritmo aldaketarik eskatu ezin diogun arren, erritmo gogor eta estuan, kostako tren zaharrak baino kilometro gehiago egin ditzake. Baina bere ezaugarri garrantzitsuena portuak igotzeko erraztasuna, ala bere erresistentzia eta erlojupeko probetan duen maila altua dela pentsatzen baduzu, aitortuko dut, baduela beste bertute garrantzitsuago bat eta oso jende gutxik ezagutzen duena. Kasu honetan, ospe eta sona handia duen kirolari honen arrakastaren sekretua, bere borondatea, eguneroko lana, eta «amor propioa» da.
Urrezko sehaskan jaio ez garen beste guztiok bezala, gaztetatik ulertu zuen, bizitzan zerbait lortu nahi bazuen, lana beltz egin beharko zuela. Entrenamenduak eta elikadura, gorputz eta buruak jasan dezakeena muturreraino eraman, eta bere buruari ikaragarri exijitzen dion honek, beste batzuendako «tortura» bihurtzen den eskaera maila, beretzat guztiz naturala bihurtzen du. Bizitzan ezerezetik hasita, arrakasta aparta izan duen osaba batek esan zidan bere sekretua konfesatuko zidala. Hark dioenez, arrakastaren formula «L + L = E» da. Hau da, «lana + lana = emaitzak». Antza denez, Oñatin ez ezik, Usurbilen ere badute formula honen berri, eta eguneroko lan isil eta konstantziaren ondorioz lortutako kirol bizitza baten istorioa da hau.
Bizitzan, inork ezer oparitu eta ekinaren ekinez guztia lortu duenak, lan, esfortzu eta sakrifizioaren poderioz lortu du azken hamar urteetan Tourrerako izan dugun txirrindulari onena izatea, eta abiadura eta explosibitate gabezia horrek palmares osoagoa lortzea eragotzi dion arren, zaleen miresmen eta errespetua lortzea.
Irakurle, bizitzan lortu dituzun gauza guztiak, beltz lan eginez, saiatuz eta inongo erraztasunik gabe lortu izan dituen horietako bazara, hemendik aurrera, zure burua bere ispiluan islatua ikusi ahal izango duzu. Honezkero, jakingo duzu, gaurko protagonista Haimar dela, Haimar Zubeldia, lagunentzat Xube, gure Xube.