GARA > Idatzia > Euskal Herria

Hondarribiko jaiak martxan dira dagoeneko biharko alardearen zain

Atzo margo lehiaketa edota kantineren aurkezpen desfilea ospatuta, jai giroan dira jada Hondarribian. Gaur, aldiz, titibiliti doinua joaz girotuko dituzte kaleak txistulariek eta bandak. Bihar, alardearen txanda izango da, Jaizkibel konpainiak alarde diskriminatzailearen aurretik desfilatuko duelarik. Hondarribira bertaratutakoek asteartera arte dute jaiez gozatzeko aukera.

p017_f02_195x133.jpg

Jon ADAN |

Atzo goizean haurrentzako entzierroaren iragarle udaletxeko balkoitik botatako txupinazoak eman zien hasiera ez ofiziala asteartera arte luzatuko diren Hondarribiko jaiei. Arratsaldean, 16.00etan, Haur eta Gaztetxoen 43. Margo Lehiaketa ospatu zen, Gipuzkoa plazan, eta, ondoren, Zezen plazaren haurreko harresietan Grafiti Lehiaketa izan zen. Iluntzean, aldiz, 22.30ean, Nafarroa Beherea kalean kantineren aurkezpen desfilea egin zen, eta, Bentan, disko jaiaz eta Barricada taldearen emanaldiaz gozatu zuten.

Gaur, aldiz, 11.15ean, haurren danborrada Mendelu auzotik abiatuko da, hiriguneko kaleetan amaituko duelarik bere ibilaldia. Danborradarekin batera, 12.15ean, erraldoiak eta buruhandiak Arma plazatik abiatu eta kalez kale ibiliko dira.

Eguerdian suziri eta kanpai hotsek jaiei ongietorria emango diete, bitartean, txistulariak herriko kaleetan zehar ibiliko dira Hondarribiak 1638an bizi izandako setioa oroitzen duen titibiliti doinua joaz. Arratsaldean, aldiz, Hondarribia Hiria musika bandak girotuko ditu kaleak, nola ez, titibiliti doinua joaz. Iluntzean, 20.00ean, Guadalupeko elizan, salbe herrikoia kantatuko da.

Jaizkibel konpainia, aurretik

Urteroko ohitura betez, bihar, Hondarribiko alardea egingo da. Aurten ere Jaizkibel konpainiak alarde diskriminatzailearen aurretik desfilatuko du. «Aurten ere alkateak ez digu alardean parte hartzen utzi, eta, beraz, ordu desberdinetan ibilbide bera egin beharko dugu. Hala, alarde diskriminatzailearen aurretik desfilatuko dugu. Jendeak geu ere ikustea lortuko dugu behintzat», azaldu du Elisabet Olaskoaga Jaizkibel konpainiaren bozeramaileak GARAri egindako adierazpenetan.

Horiek horrela, kantinera jaso eta gero, 08.15ean Zumarditik irten eta Kale Nagusian gora abiatuko da Jaizkibel konpainia, 9.30ean Saindua ermitara heltzeko. Arratsaldean, aldiz, bueltako ibilbidea egingo dute; 17.00etan Saindua ermitatik irten eta portutik zein alde zaharretik igaro ondoren, 18.30ak inguruan Arma plazan bukatuko dute desfilea.

Alarde diskriminatzailea, bestalde, ibilbide bera eginez, Jaizkibel konpainia baino zertxobait geroago irtengo da. Goizean, 8.55ean, Gernikako Arbola plazatik irtengo dira, ibilbidea Saindua ermitan bukatzeko. Arratsaldean, berriz, 18.00etan ermitatik irten eta 20.00ak inguru Arma plazara helduko dira.

ASTEARTERA ARTE

Asteartera bitartean Hondarribira bertaratzen direnek hamaika ekintzez gozatzeko aukera paregabea izango dute: kontzertuak, kirol ekitaldiak, kuadrillen arteko jokoak, lehiaketa gastronomikoak...

konponbiderik ez

Bihar egingo da alardea eta aurten ere ez da tirabirak falta izan. «Alkateak parte hartzen uzten ez digunez, alarde diskriminatzailearen aurretik desfilatuko dugu ibilbide bera eginez», salatu du Elisabet Olaskoaga Jaizkibel konpainiako bozeramaileak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo