GARA > Idatzia > Kirolak> Arrauna

Kontxako Bandera

Olatu onena hartzeko esperantzan

«Esperantza» izena du Getaria-Tolosako traineruak, eta horixe da gipuzkoarrek inolaz ere galduko ez dutena. Bederatzi segundoko abantaila du Galiziak, baina Anjel Larrañaga entrenatzaileak dioen bezala, «dena perfektu egin beharko dute irabazteko».

p037_f01_435x435.jpg

Asier AIESTARAN

Gizonezkoen estropadan gertatu ez bezala, emakumezkoenean bandera nahiko erabakita gelditu zen lehen jardunaldian. Galiziak bederatzi segundoko aldea atera zion bigarren amaitu zuen Getaria-Tolosari. Gipuzkoarrek ziabogan egindako akatsak zerikusi handia izan zuen alde horretan, maniobrara iritsi arte Anjel Larrañagak prestatutako neskak azkarrenak izan baitziren, denboraldiko beren estropadarik onentsuenean.

«Momentuan, bukatu eta gero, bi sentimendu izan ziren. Tristura, gure akatsa izan zela ikusita, eta satisfazioa, estropada ona egin izanaz jabetu zirelako arraunlariak», onartu du Larrañagak aurreko igandean bizitakoaz. «Pentsatzen dugu ziaboga txukun bat egin izan bagenu aldea ez zela hainbestekoa izango, neskek sekulako estropada egin zutelako».

Berak onartzen duen moduan, «opari handi samarra izan zen ziabogan akats hori egitea», baina pozik amaitu zuen bere taldeak egindako lanarekin: «Joaneko luzean ikusten zen gai ginela Galizia eta Zumaiaren aurretik ibiltzeko, eta itzulerakoan akats hori egin arren gai izan ginela denbora gehiegirik ez galtzeko».

Aldea, ordea, hortxe dago, eta aste honetako lan nagusia bigarren jardunaldira ahalik eta freskoen iristen saiatzea izan da. «Neguko eta udako lana egina dago, jada ezinezkoa da fisikoki ezer hobetzea, eta helburua arraunlariak suspertzea da, igandera mentalki fresko heltzea txanda lehiatu ahal izateko», azaldu digu entrenatzaileak, taldea «gogotsu» ikusten duela gaineratuz.

«Konplikatua», ez ezinezkoa

Dena beharko dute bederatzi segundoko desabantailari buelta emateko -Zumaiarena 14koa da-, baina Larrañagaren ustez ez da ezinezkoa, «konplikatua» baizik. «Guk akats hura eduki genuen bezalaxe, beraiek ere dena perfektu egin beharko dute irabazteko. Edozein akats garesti ordainduko da. Zumaia ere ez dago urruti eta hamar segundo itsasoan ez da hainbeste», argudiatu du esperantzaz beteta.

Hori bai, ezustea emateko baldintza nagusietako bat, itsaso txarra izatearena, badirudi ez dela beteko. «Itsaso lasaia espero da iganderako, haize fina, baina itsasoari beti errespetua eduki behar zaio eta estropada jokatu arte ez dago ezer esaterik. Aberia txiki bat, urduritasuna... hamar segundo asko da baina gauzak okertzen hasiz gero ez da ezertxo ere», ohartarazi nahi izan du Larrañagak horretaz galdetu diogunean.

Urrunago joan gabe, askorentzat nahikoa ezuste izan zen Galiziak aurreko igandean Zumaiari 14 segundo sartzea, gipuzkoarrek denboraldi osoan erakutsi duten maila ikusita eta sailkatze estropadan denborarik onena lortu zutela jakinda. Baita Getaria-Tolosak ere zumaiarrei aurre hartu izana.

Anjel Larrañagaren iritziz, «Zumaia nagusi izan da denboraldi hasierarako etxeko lanak oso ondo eginda zeuzkalako eta besteok apur bat jokoz kanpo harrapatu gaituelako. Orain berriz bai Galiziak bai guk pixka bat gora egin dugunean, ikusi da haien pare ibil gaitezkeela». Igandean ikusiko da hori zer puntutaraino den horrela.

Denboraldiaz orokorrean galdetuta, berriz, entrenatzaile gipuzkoarrak «maila polita» egon dela dio, nahiz eta «iazkoa baino zertxobait baxuagoa» izan ote den susmoa eduki. «Liga garaian bai behintzat. Nik uste bai Galizia bai gu mailarik onena orain ari garela ematen. Zentzu horretan, Kontxan lau traineruak hamaika minututik jaisteak asko esan nahi du. Esango nuke traineru onenaren maila ez dela askoz altuagoa izan aurten, baina denon artean parekotasun gehiago egon dela».

Alde horretatik, Galiziako traineruaren ezaugarri bereziak nabarmendu nahi izan ditu, gipuzkoarrekin alderaketa egiterakoan kontuan izan behar direnak. «Galizia potentzial oso batekin etortzen da, Kontxan are eta gehiago. Selekzio bat egiten du. Guk ere Gipuzkoan ontzi bakarra aterako bagenu lehiarik ez litzateke egongo. Baina guk taldeko lana egitea erabaki dugu. Parekotasun handia egon da eta uste dut emakumezkoen arraunak pozik egon beharko lukeela. Maila handia dago eta ontzi guztiak goraka datoz».

BI SENTIMENDU

«Momentuan, bukatu eta gero, bi sentimendu izan ziren. Tristura, gure akatsa izan zela ikusita, eta satisfazioa, estropada ona egin izanaz jabetu zirelako arraunlariak. Neskek sekulako estropada egin zuten», dio Larrañagak.

«Galizian badago ligatxo bat antolatzeko potentziala»

Emakumezkoen arraunak -traineruei dagokionez- azken urteotan izan duen garapena gertu-gertutik bizi izan du Anjel Larrañagak. Lehen emakumezkoen Kontxa, lehen Euskotren Liga, lurraldekako lehen txapelketak... Berrikuntzak bata bestearen atzetik iritsi dira oso denbora gutxian, eta lehiaketa egiturak ere aldatzen joan dira. Hasieran selekzioen arteko lehiaketa zena, orain elkarteen arteko lehia bilakatu da. Edo hobe esanda, hainbat elkarte eta selekzio baten arteko lehia. Horixe da landu eta hobetu beharreko ildo nagusia Getaria-Tolosako entrenatzailearen aburuz.

«Gipuzkoan gauzak ongi egiten ari dira, nahiz eta oraindik zain egon beharko dugun atzetik datozen gazteak heldutasunera iritsi arte. Baina adibidea hor dago, sei traineru atera ditugu aurten. Bizkaia aldean badirudi oinarrizko lan hori ez dagoela horren ongi egituratuta. Bestelakoa da Galiziako adibidea. Ontzi txikitan talde gehien ateratzen dutenak dira, bai bateletan bai trainerilletan, eta gero denen artean traineru bakarra ateratzen dute. Hor ikusten dut nik falta handiena. Badagoela potentziala ligatxo bat antolatu eta taldekako lana bultzatzeko. Selekzio bezala etortzen badira, guk apur bat amorratuta bukatzen dugu. Gainontzean, nesken arraun munduak uste dut gorakada nabarmena izan duela eta ez dela berrikuntza handirik behar. Neskei beti esaten diet daukatenaz gozatzeko, mutil asko daudela urte askoan arraunean ibili eta Kontxarako inoiz sailkatu ez direnak». A.A.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo