GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Beste preso gaixo larrientzat balio duen argudioa

Auzitegi Nazional espainolak atzo atera zuen Iosu Uribetxebarria baldintzapean aske uzteko autoa, etsipenaren atariraino luzatu zuten auziari amaiera eman diona. Hona autoaren argudio nagusia: legearen arabera, gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten lagunei baldintzapeko askatasuna aurreratu egin behar zaie, eta nabarmena da horixe dela Uribetxebarriaren kasua. Halaber, fiskalaren helegitearen «kontraesana» nabarmendu du autoak, hala nola Auzitegiko medikuaren txostenak berak ez duela bizi-arriskua ukatzen. Gogorarazi beharra dago, bestalde, preso arrasatearraren hiltzeko arrisku hori ez dela azken hilabetekoa soilik, duela bost urte, giltzurruneko minbizia atzeman ziotenetik, bai baitzegoen haren gaixotasuna atzeraezin bilakatzeko posibilitatea, eta gauza jakina da kartzela ez dela inolako gaixotasunik, are gutxiago horrelakorik, sendatzeko lekurik egokiena. Horrek ez du esan nahi Uribetxebarria orduan kaleratu izan balute ez zukeela metastasiak hartuko; hala ere, argia dirudi hartarako aukera gutxiago izango ziratekeela.

Inolako premiarik gabe luzatu den auzia amaitu da, baina Auzitegi Nazionalaren ebazpen horren argudioek gaixotasun larriak dituzten gainerako euskal presoentzat ere balio dute. Balio beharko luke, nabarmena da-eta haien gaixotasunak larri eta sendaezinak direla.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo