GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Sonia Gonzalez sagarroiak@gmail.com

Herri-burujabetza ariketa

Planto egiteko aldarrikatzea ez da nahikoa, planto hori egiteko prest dagoen gehiengo soziala badagoela erakutsi eta aktibatu beharra daukagu

Egunkari guztietan, Santiago Carrilloren heriotza, bere ekarpena eta, bereziki aipaturik, Moncloako Itunak. Momentu aproposa hau, moderno esaten denez, Moncloako Itunak revisited edo improved datozen honetan, hain zuzen. Pentsa, Borboia ere atera dute paseatzera, batzarrak egitera eta Espainiaren batasunaz idaztera... antza, irudia hobetzeaz gain, jokatu beharko duen papera ere prestatzen.

Baina Estatu erreformaren bigarren parte hau, gainera, interbentzio ekonomikoaren erdi-erdian datorkigu. Honek neurri eta erreforma ekonomiko zein sozial are latzagoak gehituko dizkio gobernuaren ibilbide orriari. Miseria besterik ekarriko ez dizkiguten erreformak izango dira hauek, Europak aginduta eta estatuek men eginda, baina guztiak egiturazkoak. Hau da, erreforma ekonomiko eta sozial hauek gidatuko dute estatu erreformaren emaitza izango den estatu berri horren eredua.

Bien bitartean, Artur Masi Diada independentistak negoziaziorako tartea eman dio, baina, ez gaitezen engainatu, itun berrira sartuko den CiUk Estatuarekin adostu behar duen estatus berria lotzeko orduan. Itunetan sartzeko prestatzen ari den PNV ere antzera, baina ez berdin: honen bazarik handiena independentis- moa galgatzeko bermea dela saltzean datza-eta. Alderdi biak konforme itun honek kapitalaren interesak zainduko dituen heinean.

Azaldutako guztia gertatu egingo da. Hala ere, oraindik bada zer argitu: Euskal Herriarekin zer gertatuko ote den. Zer gertatuko den Euskal Herriarekin estatu erreforma oso horren aurrean. Eta, seguruenik, kurtso hau erabakigarria izango da. Baskongadetan hauteskundeak aurreratu behar izan dira, besteak beste, Madrileko gobernuaren politikei politika propioekin aurre egiteko ezintasunagatik, Nafarroako gobernu krisia egunez egun areagotuz doa eta datorren astean bertan beste greba bat daukagu aurretik.

Eta greba orokor hau eta bere helburuak ibilbide oso batean ulertu behar dira, bere balioa deuseztatzeko momentuko etekin falta aipatzen dutenen aurrean. Madrileko asmoei aurre egiteko, burujabetzaren bidean pausoak egitea da modua eta greba orokorra ildo honetatik ere badator. Greba orokorra herri burujabetza ariketa da berez: burujabetza ariketa Europako aginduen aurrean, burujabetza ariketa kapitalaren menpe dauden gobernuen aurrean, burujabetza ariketa hartzen ari diren erabakien aurrean. Herriaren burujabetza ariketa Euskal Herrian burujabetza politiko ariketak egin daitezela aldarrikatzeko.

Planto egiteko aldarrikatzea ez da nahikoa, planto hori egiteko prest dagoen gehiengo soziala badagoela erakutsi eta aktibatu beharra daukagu. Ezer baino lehen, gauzak herriaren mesedetan aldarazteko izan behar delako planto hori, eta ez Katalunian bezala. Euskal Herriko independentismoaren funtsa agian neketsuagoa da, baina indarra ere proiektu sozial horrexetan dauka. Garaipen handia daukagula jokoan esanda amaitu nuen azken artikulua eta garaipen handi horren bidean datorren asteazkenean kalera irten beharraz amaituko dut oraingo hau.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo