GARA > Idatzia > Kultura

Baionara eginen du salto Xilaba Bertsulari Xapelketaren finalak

Xiberoa, Lapurdi eta Baxenabarreko Bertsulari Xapelketaren hirugarren edizioa urriaren 6an hasiko da Altzürükün, azaroaren 10ean Baionan bukatzeko. Finala Lapurdiko hiriburuan egingo den lehen aldia da.

p049_f02_148x88.jpg

Idoia ERASO | SENPERE

Aurreko bi edizioetan ez bezala Lapurdiko hiriburuak hartuko du Xiberoa, Lapurdi eta Baxenabarreko Bertsulari Xapelketaren azken ekitaldia. «Finala Baionan egitearen hautua pario sinbolikoa da, Ipar Euskal Herriko hiririk handiena baita eta aldi berean erakusteko jendea biltzen ahal dela euskara hutsezko ekintza batean», adierazi zuen atzo Bertsularien Lagunak elkarteko lehendakari Joana Itzainak Senperen eskaini prentsaurrekoan. Aurreko edizioko finalean 2.000 ikusle izan baziren aurtengo parioa Baionako Lauga gelan 2.500 pertsona biltzea izanen da.

Xilaba Bertsulari Xapelketak Ipar Euskal Herriko bertsolaritzaren promozioan eta euskararen biziraupenean duen garrantzia ere nabarmendu zuen lehendakariak: «Xapelketa xapel meta formularekin aipatu nahi dugu. Bertsoaren harrotasuna ekarri nahi dugu, euskara erabili eta euskararekin jostatzea da, bereziki gazteen artean». Aurreko bi edizioetako txapelduna, Amets Arzallus, bat etorri zen: «Lana ahalik eta ongien egin behar da plazerra zabaltzeko eta euskarak indarra har dezan Ipar Euskal herrian».

Xapelketak bertsolaritzaren promozioan izan duen papera bertso eskoletan izan den garapenaren bitartez erakutsi zuten elkarteko kideek. 2010ean hamabi taldetan 61 ikasle ari baziren Ipar Euskal Herriko bertso eskoletan, 2011n 23 taldetan 140 ikaslek ikasi zuten bertsotan. Ikasturte honetan kopuru horrek gora eginen duela aurreikusi du elkarteak.

Arzallus txapelketen arteko garaian egin lanari buruz ere mintzatu zen: «Bertso eskoletan lan handia egiten da eta elkarteak ere bai. Guri bi urterik behin txanda heldu zaigu horren ispilu izateko, jende gehienak orduan ematen dituelako begiak egiten den lan horren gainean».

16 bertsolari lehian

Altzürüküko lehen kanporaketan Ortzi Murua, Ortzi Idoate, Maindi Murua, Maddi Ane Txoperena, Xan Alkat eta Egoitz Zelaia izanen dira. Urriaren 13an Kanbon bigarren kanporaketa ospatuko da; bertan Xumai Murua, Maddi Sarasua, Ramuntxo Christy, Battit Crouspeyre, Bixente Hirigarai eta Gillen Hiribarren izanen dira.

Finalaurrekoak Hendaian urriaren 20an eta Donibane Garazin urriaren 27an eginen dira. Lehenak sailkatutakoekin batera Amets Arzallus eta Eneritz Zabaleta izanen ditu. Nafarroa Behereko hiriburukoan Odei Barrosok eta Sustrai Colinak aurre egin beharko diete kanporaketetan sailkatutakoei.

Xapelketarako giroa berotzen hasteko, larunbatean «Bertsolari» filma eskainiko dute Biarritzeko Le Royal zinema aretoan. Bertan izanen dira Sustrai Colina eta Odei Barroso bertsolariak eta Joana Itzaina lehendakaria. Ondoren bertso-afaria eginen dute Mizanbu gaztetxean.

Euskal Kultur Erakundeak egin lanari esker finalaren data hurbildu ahala Baionan ere girotzeko hainbat ekitaldi antolatuko dira.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo