GARA > Idatzia > Kultura

Ezekiel, Jasone Osororen pertsonaia, aitarekin elkartuko da nobela berrian

p042_f06.jpg

Nagore BELASTEGI | DONOSTIA

Harreman sentimentalak, familia, lagunartea... gazteak gehien kezkatzen dituen gaiak jorratzen ditu Jasone Osoro idazle elgoibartarrak bere nobela berrian. Gazte literaturari aspaldi heldu zion eta berari asko zor diola uste du. Pertsonaiarik ezagunenak Jara eta Ezekiel ditu. Osorok nerabeei buruzko istorioak kontatzen jarraituko du «Ezekiel nora ezean» nobela berriarekin. Gazte literaturan egin duen ibilbideari jarraitzen dio honela, baina helduentzako liburuak idazteko gogo bizia erakutsi zuen liburuaren aurkezpenean.

Elgoibartarra kazetaria da ogibidez, eta bokazioa zalantzan jartzen badu ere -bere pasioa sormena da-, uste du literaturaren munduan murgiltzeko oso baliagarria izan zaiola prentsatik ikasitakoa. Aitortu zuenez, 1998. urtean bere lehen nobela, «Tentazioak», enkarguz publikatu izan ez balu, bere azken urteetako bilakaera oso bestelakoa izango zen. Ondoren, gazte literaturan sakontzeko aukera eman zioten bi pertsonaiak sortu ziren: Jara eta Ezekiel.

«Aktore bat moduan, pertsonaiaren azalean sartu behar gara», azaltzen du. Horregatik, Jarari buruz idaztean errazagoa egin zitzaion, bera ere neska delako eta nerabea izan delako. Ezekieli buruz idaztean gertuen duen mutilari galdetu zion, bere bikoteari.

Ezekiel ama eta arrebarekin bizi den 15 urteko mutil bat da. Ordura arte hirurak besterik ez ziren familian, baina liburu berrian aita agertuko da. Osororen helburua ez zen familia eredu desberdinak aztertzea, baizik eta nerabe batentzat aspaldian alde egin zuen aita bat-batean bere bizitzan agertzeak zer eragin zuen azaltzea. Horrez gain, gazteen kezkek tokia hartzen dute liburuan: harreman sentimentalak, etxeko gatazka, ikasketak, kuadrillaren balioa... baina gai horiek mutil gazte baten bizitzan kokatu baditu ere, edonoren bizitzan gertatzen diren buruhausteak irudikatzen dituzte.

Izan ere, Ezekieli bi neska gustatzen zaizkio, baina idazlearen ustetan, denok pasatzen gara egoera horretatik noizean behin, «bi pertsona gustatzea, edo bat maitatzea eta besteak erakartzea normala da». Protagonistak kuadrillarekin dituen arazoak ere egunero ikusten dira. «Adin horretan babesa ematen du taldeak, baina batzuetan zaletasunak desberdinak dira eta beste pertsona batzuekin gelditzea ez dago ondo ikusia». Ezekielek gauzak bere kabuz egiten ikasi beharko du.

Gazteek gustuko dute

«Gazte literaturak esker on asko eman dit -dio pozik-, irakurle gazteak oso exijenteak dira eta askotan derrigortuta irakurtzen dute», baina Osororen liburuak gustuko dituzte. Nobela berria ere, beraientzat aproposa da, eta nolabait hezitzailea izan daiteke.

«Familia eredu desberdinak irudikatzea ez da nire intentzioa, baina bai homosexualitatea normalizatzea», adierazi zuen. Horretarako, bere liburuen pertsonaietako bat homosexuala da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo