GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

«Apustua egitea zen denboraldia luzatzeko neukan aukera bakarra»

p046_f01.jpg

Mikel Alkorta

Segalaria

Ikusmin handia piztu du igandean 11.30etik aurrera Zizurkilgo Zaldu baserriko belardietan jokatuko den apustuak. Alkortak lehen aldiz biziko du apustua, baina bera lasai dago. Denboraldia luzatu nahi zuen eta horretarako zeukan aukera bakarra zen, txapelketak amaituta zeudelako. Ormaetxeak bezalaxe, berak ere garbi dauka norgehiagoka segako saioak erabakiko duela.

Jon LEUNDA

Mikel Alkortak bere lehen apustua jokatuko du etzi eguerdian Zizurkilgo Zaldu baserriko belardietan. Ormaetxea izango du aurrez aurre. Bost kilometro egin korrika, eta ondoren ordu eta erdi bete bitarte segan egin beharko du bakoitzak.

Nola zaude zure lehenengo apustuaren atarian?

Ongi. Ustez, prestakuntza arazorik gabe joan da, eta jadanik igandea iritsi eta apustua jokatzeko gogoa eginda nago.

Nolatan bota zenion desafioa Jexuxmari Ormaetxeari?

Egia esan, segalariontzat denboraldia oso laburra izaten da. Prestatzen denbora pila bat pasa, eta bi edo hiru saiorekin dena amaituta. Euskal Herrikoan bigarren amaitu nuen, ustez lan ona egin da, eta tarte oso txikiarekin Ormaetxearekiko. Gose puntuarekin amaitu nuen denboraldia, jarraitzeko gogoz, eta ikusirik berak ere bazuela apusturen bat jokatzeko asmoa deitu egin nion. Lehenengo Lizasorekin ibili zen hizketan, baina berarekin ez zen ados jarri, eta orduan nik bota nion, eta lotu gara. Ustez, ongi nengoen, eta prestakuntza hori baliatuz denboraldia luzatu nahi izan dut.

Segalaria izanda, nolatan sartu nahi zenuen korrikako saioa?

Bueno, azkenean gure prestakuntzan erabiltzen dugun zerbait da korrika. Ni behintzat prestatzen ari naizenean beti ibiltzen naiz korrika, eta orduan egokia iruditu zitzaidan. Ikusita ere finalean gure artean segan oso tarte txikia egon zela, agian tarte bat atera nezakeela uste nuen, eta orain erdi damututa ere banago. Bera korrika ere ibili izan da, eta marka nahiko politak ditu eginak, baina egina dago, eta orain horrela beharko du.

Korrika dena emanez gero, ez al dago gero segan jota geratzeko arriskurik?

Bai, hori horrela da. Korrika daukagun guztia ematera ateratzen baldin bagara, gero segan jota geratzeko arriskua dago. Bost kilometro ez da ikaragarrizko lana, baina gero ordubetetik gora dago segan aritzeko, eta horretarako ere zerbait utzi beharko da, bestela ez du ezertarako balioko aurretik egindako lan guztiak.

Ormaetxeak dio apustua segan erabakiko dela. Ados al zaude?

Egia esan, bai. Azkenean lanik luzeena segan daukagu, eta nik ere garbi daukat hor erabakiko dela. Dena dela, korrika bietakoren batek tarte txiki bat ateratzen baldin badu, gero erabakigarria izan daiteke, baina ikusi beharko da ere bakoitza nola iristen den azkeneko proba horretara. Bietako inor ez gara korrikalariak, baina biok ibili gara korrika, eta hor ere tarte handirik ateratzea zaila egingo zaio bietakoren bati.

Badirudi igandean jende asko izango dela zuek ikusten, eta dirua ere dezente jokatzen ari dela. Horrek presiorik sortzen al dizu?

Ez, ez, jendeak bere diruarekin nahi duena egin dezala. Orain arte beti apustuek errezelo dezente sortu izan didate. Tartean dirua, jendea dirua jokatzen, gauza zikin asko, eta errezelo hori sortu izan du, baina aurrez esan bezala, aurten jarraitzeko gogoz geratu nintzen txapelketak amaitu zirenean, eta bide hau neukan beste zerbait egiteko. 3.000 euro jokatzen ditugu bakoitzak, ez da ikaragarrizko kopuru horietakoa, eta ez dut uste gure artean inongo arazorik egongo denik. Lehen esan bezala, berriz, jendeak dirua jokatu nahi baldin badu, egin dezala nahi duena, ni alde horretatik berdin-berdin joango naiz nire lana egitera.

 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo