Bizileku parte-hartzaileak eraikitzeko proiektua abiatu dute Baionan
Ainize BUTRON | BAIONA
Laurehun bat etxebizitza biltzen dituen Baionako Seque izeneko auzo ekologiko berrian proiektu parte-hartzaile bat bideratzea erabaki duela jakinarazi zuen atzo Herriko Etxeak. Kooperatiba eta elkartasun proiektuetan adituak diren bi erakundek, COL Etxebizitzaren Langile Batzordeak eta Tolosako (Okzitania) AERA arkitekto elkarteak, landuko duten egitasmo hori eginkizunetik bukaera arte herritarrekin elkarlanean eginen dela nabarmendu zuen Martine Bisauta herriko hautetsi eta ekimenaren bultzatzaileak. 45 etxebizitza horiek sozialak izanen dira, eta datorren urriaren 9an eginen den proiektuari buruzko bilkura publikoarekin abiatuko dira.
«Auzo ekologikoetan, gehienetan, soilik ingurumen ikuspuntua garatu ohi da. Proiektu honetan ingurumen sozial iraunkorra gehitu nahi dugu», azpimarratu zuten eramaileek. Horrekin promotoreei gehienetan herritarren beharretatik urrun izatea leporatzen zaiela esan zuten. «Bi entitate horien arteko lotura berreraiki nahi izan dugu».
Hasieratik parte hartzaile
Urriaren 9ko bilkuratik goiti hasiko dira herritarrak auzoa eraikitzen. Norbanakoen eta kolektiboaren beharrak aztertuko dira, eta auzoan elkarbizitza sustatzeko zer-nolako egitasmoak bideratu nahi dituzten aztertuko dute. Bizitoki bakoitzak barne egitura ezberdina izango duela argitu zuten.
Proiektuaren sustatzaileek argi utzi nahi izan zuten etxebizitza horiek ez direla «militanteentzat» eginak, baina bai gaur egun bizitoki sozialetan daudenentzat.
Horrenbestez, Etxebizitzaren Langile Batzordeak esperientzia luzea dauka arlo horretan; izan ere, 1951n Santa Amand etxebizitza parte hartzaileak eraiki ondoren sortu zen kooperatiba gisa funtzionatzen duen batzordea. Geroztik, etxebizitza sozialaren arloan aditua da.