GARA > Idatzia > Euskal Herria

Gipuzkoako herririk gazteenak dragoiaren jaiak hasiko ditu

Sei urtean 700 biztanletik ia 1.700era iritsi den herrian, Gipuzkoako gazteenean, gaur hasiko dituzte sanmielak. Jai hauek badituzte hainbat berezitasun, txupinazoa botatzearekin batera jaisten duten herensugea, kasu. Irurako ikurra da, duela mende laurden jaioa, berak ematen die hasiera eta bukaera festei. Xare jokoan aritzen den Gipuzkoako herri bakarra ere bada Irura. Berriki ireki dute berriro trinketa, eta jaietan xarearen sustatzaileak omenduko dituzte.

p024_f01.jpg

Maider IANTZI | IRURA

Urtebete itxita egon eta birmoldaketa handia egin ondotik, joan den ostiralean ireki zuten berriro Irurako Ametsa trinketa, eta 25 urte bete dituela ospatzeko omenaldia egin zuten. Gipuzkoan xarez jolasten den herri bakarra da hau (Irunen ere aritzen ziren lehen). Ameriketatik ekarri zuen apaiz batek, Ipar Euskal Herritik bizimodua ateratzera joandako jendeak erakutsita. Eta apaiz horrek irurarrei jolasten eta erreminta egiten irakatsi zien. Bideo bat osatu dute orain XX. mendearen hasieran Irura eta «mahats sardia» edo xarea korapilatu zirenetik gaur arte egindako bidea azaltzeko eta sarean ikus daiteke, irura.net/eu/html/46/2070.shtml-n.

Alex Lasa Kultura teknikari eta jai batzordeko koordinatzaileak jakinarazi digunez, jaietan ere berrogei ikasle inguru dituen xare eskolari aitorpena eginen diote, Ametsa pilota elkarteari, eta modalitate honen ezagutza eta praktika hauspotu dadila aldarrikatuko dute. Krisian egon zen xarea orain dela urte batzuk; ume gutxi zeuden eskolan eta txapelketetan ere ez zuen inork jokatzen. Udal talde berria osatu zenean, pilotariak izandakoak hasi ziren irakasle lanetan, orain dela hogei urte munduko txapelketak irabazi zituztenak, eta indartzen ari da xarea. Herria hazten ari da, ume gehiago dago, eta lehengo mailara iristen saiatuko dira. Bideoan dioten bezala, beharbada xareak armiarmaren itxura duelako harrapatu zituen irurarrak duela mende bat, eta eurena den kirol ikusgarri eta azkar hau zaintzeko eta indartzeko garaia dute orain.

Herensugearen jaitsiera

Herri guztiek izaten dute ikur bat. Ondoko herriak, Anoetak, kukua dauka, eta Iruran San Miel jaiak ospatzen direnez, herensugea asmatu zuten orain dela 20-25 urte. Geroago, herensugearen jaitsiera egiten hasi ziren bestak abiatzeko. Lasak kontatu duenez, dragoi handi bat egiten dute, kable bat jarri elizako kanpandorretik udaletxeko balkoira, eta herensugea bertatik jaisten dute. Jaiak bukatzeko, hileta bat balitz bezala lagun batzuek bizkarrean hartzen dute herriko ikurra, eta su ematen zaio. Jendea dolu jantziz joaten da. Aurtengo programan berriro indarra eman nahi izan diote horri, lehen hagitz ongi ateratzen zelako baina azken urteetan jendeak ez duelako hainbertze parte hartu.

Dantzari dagokionez, bertze herri batzuetan bezala, dantza-soka egiten dute. Aurten hiru eginen dituzte, bihar bi eta irailaren 30ean bat. Biharkoa gazteena izanen da. Goizean, gazte festari hasiera emateko, trikitixarekin eta dultzainarekin ibiliko dira kalez kale. Hamaiketakoaren ondoren, eguerdian eginen dute lehenengo dantza-soka, eta arratsaldean bigarrena. Bat mutilena izanen da eta bertzea neskena. 30ean, aldiz, jende helduagoak eginen du.

Umeentzako ere aukera zabala dago jai hauetan; bihar, Haur eta Gazteen Egunean, adibidez, goizetik izanen dituzte plazan puzgarriak. Txu-txu trena ere etorriko da, 45 bat haurrentzako lekuarekin, eta herrian barna buelta batzuk emanen ditu. Gerorako haurren bazkaria antolatua du festa batzordeak, dohainik da eta 100 bat pertsona espero dituzte, 2 urtetik 13-14ra artekoak. Bazkaria boluntarioek eginen dute, baita eskulanak eta jokoak ere. Gazte festa ere eginen dute, bazkari, jolas, afari eta Ze esatek? eta La Pegatinaren kontzertuarekin.

Herensugea erretzean, irailaren 30ean bukatuko dira jaiak ofizialki, baina erretiratuek beren festa edukiko dute gero. Urriaren 4an, ostegunean, arratsalde osoan ibiliko dira jolasten, eta iganderako, beren egun handirako, meza, bazkaria eta musika dantzagarria izanen dute zuzenean gozagarri. 80 bat erretiratu espero dituzte.

PLAY BACK-A

Ekitaldi arrakastatsuetako bat adin guztietako jendeak parte hartzen duen play back jaialdia da; irri pila bat egiten da. Honek tradizio dezente du; danborrada, aldiz, gauza berria da, bigarren aldiz eginen dute gaur, baina honek ere jende ugari erakarri du dagoeneko.

HERRI KIROLAK

Herri kirolak aldatu egin dituzte azkeneko urteetan; lehen ohiko herri kirolak egiten zituzten, baina orain areto triatloia. Anoetako eta Irurako taldeak arituko dira norgehiagoka, irailaren 29an, San Migel egunez.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo