GARA > Idatzia > Kirolak> Errugbia

Top 14

Avironek entseguak behar ditu irabazten hasteko

Baionakoek Stade Toulosain hartuko dute gaur Jean Dauguerren 20.50ean.

p047_f02.jpg

Jon LEUN DA

Avironek entseguak behar ditu partidak irabazten hasteko. Puntuak egiten ditu, baina jaurtiketen bidez, eta horrela zaila da garaipen asko lortzea. Zuri-urdinak ezin dira egon Potgieterren ostikoen zain bakarrik, bestela partidak irabaztea oso zaila da. Gaur gainera, lapurtarren jaurtitzailea faltako da, eta gauzak zailago izango ditu.

Gaur 20.50etik aurrera Stade Toulosain hartuko du Baionako taldeak. Norgehiagoka oso zaila daukate, egungo txapelduna izango baita gaur bisitari Lapurdiko hiriburuan. Hala ere, Okzitaniakoentzat zelai madarikatua da Baionakoa, azken urte hauetan euskaldunek irabazi egin baitute beti Tolosaren aurka, eta gaur ere itxaropen horrekin dira Lapurdi aldean.

Sailkapenari begira jarrita, talde zuri-urdina hamaikagarren postuan dago zazpi punturekin. Orain arte jokatu dituen partida guztietatik bakarra irabazi du, eta lau galdu ditu. Erasoan arazoak baldin badituzte ere, defentsan lan bikaina ari dira egiten, eta hiru puntu gehigarri lortu dituzte orain arte.

Tolosakoak, berriz, laugarren postuan daude 15 punturekin, eta agian uste baino hasiera eskasagoa egin dute, bost partidetatik hiru irabazi eta bi galdu baitituzte. Gaur galduko balute, sailkapenean behera egingo lukete, eta hasieratik garaipenaren bila aterako dira, eta Avironentzat garrantzitsua izango da lehen minutuetan kanpotarren erasoei eustea. Gaur Baionako taldeak galduko balu, eta atzetik jarraian dituen biek irabaziko balute, jaitsierako postuan sartuko lirateke, eta horrek kezka handia sortzen du Lapurdiko hiriburuko zaleen artean.

Avironek ez du ezagutzera eman gaurko hamabostekoa, baina bai deialdia, eta honako jokalari hauek izango dira gaur Jean Dauguer estadioko berdegunean: Arganese, Baget, Bernad, Boutaty, Boyoud, Chisholm, Haare, Igiñiz, Manukula, Marmouyet, Puricelli, Roumieu, Senekal, Tialata, Ahotaeiloa, Boyet, Garcia, Gerber, Heymans, Lacroix, Mazars, O'Connor, Phillips, Rocokoko eta Spedding. Norgehiagoka Berdos epaileak zuzenduko du.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo