Romneyren hauteskunde kanpainako arduradun batek dimisioa aurkeztu du
Barack Obamaren hautesleriaren inguruan gaizki esaka agertzen zen bideo bat argitara atera ostean, Mitt Romney hautagai errepublikanoak bere hauteskunde kanpainako arduradun garrantzitsu bat galdu du.
GARA | WASHINGTON
Mitt Romney hautagai errepublikanoaren hauteskunde kanpainako arduradun garrantzitsu batek dimisioa aurkeztu zuen atzo.
Romneyk kritika gogorrak jaso ditu hautesle demokraten inguruan gaizki-esaka agertzen den bideo bat argitara irten ostean.
Tim Pawlentynek, kanpainako bigarren zuzendariak, Romneyrekin izandako bilera batean aurkeztu zuen dimisioa, eta hutsune handia sortu du horrek taldean; izan ere, errepublikanoen primarioetan Romneyren aurkari izan ostean bihurtu zen Pawlentyn kanpainako kide eta, adituen esanetan, onura handia egiten zion hautagaiari, bere langile jatorria dela eta.
Ohio
Romneyk astelehenean ekingo dio berriro ere lanari Ohio Estatuaren baitan antolatu duen birarekin. Orain arte ez da Ohion irabazi ez duen lehendakari errepublikanorik izan. Halere, inkestek estatu horretan Barack Obama lehendakaria zazpi puntu aurretik dagoela diote eta orokorrean ere hauteskundeen garailetzat dute, bozen %48rekin.
Gainera, Romneyren bideoak bere irudia ilundu du. Retuers/Ipsosek eginiko galdeketa baten arabera, horixe da hautesleen %43k uste dutena. %26k, aldiz, bere irudia hobetzen lagundu duela uste dute.
Julia Clark galdeketaren arduradunak bideo polemikoa Romneyrentzat ez dela batere egokia izan adierazi zuen.
Hala ere, hautesleen %47k hauteskunde kanpaina honetan hautagai errepublikanoa lan ederra egiten ari dela uste dute, batez ere, Obamaren administrazioaren ahulguneak argitara ematen ari delako.
Ehuneko ehun, herritarrentzat
Jasotako kritiken aurrean Mitt Romney hautagai errepublikanoak asteazkenean izandako ekitaldi batean bere hauteskunde kanpaina «ehuneko ehunean herritarrei zuzendutakoa» dela ziurtatu zuen, bideoaren ostean jasotako kritikak leuntzeko asmoz.
Dena dela, Romneyk, bideoa agertu zenetik egindako lehen ekitaldian, «bozen %100» lortuko ez duen jakitun dela eta horregatik bere kanpaina bera babes lezakeen hauteslerian «zentratuko dela» adierazi zuen.
Amaitzeko, kanpaina hau «laguntza behar dutenei laguntzeko» dela adierazi zuen, «herrialdeko txiroei» eta Obama agintean izan den lau urteetan «diru sarrerak murriztu zaizkien klase ertaineko» herritarrei aipu eginez.
Jimmy Carterren biloba
Jimmy Carter presidente ohiaren bilobak Romney Obamaren aldeko hautesleei buruz gaizki- esaka agertzen den bideoa hedatzen lagundu zuela onartu du «USA Today» egunkariak eginiko elkarrizketa batean.
Elkarrizketan bideoa ezustean aurkitu zuela azaldu zuen. Egunero Youtuben «Romney» edo «Errepublikanoak» hitzen gainean agertzen den informazioa aztertu ohi du eta, aitortu duenez, kasualitatez kalitate txarreko eta lausotuta zegoen bideo zati bat aurkitu zuen, Romney afari pribatu batean diru-emaileei zuzentzen zitzaien bideoa.
Carter orduan «Mother Jones» aldizkari ezkertiarreko erredaktore buru David Corn-ekin harremanetan jarri zen eta bien artean Twitter bidez bideo zatia Youtuben jarri zuen pertsona bideo osoa eman ziezaien konbentzitu zuten.
Tim Pawlentyn, dimisioa aurkeztu duen Romneyren kanpainako arduraduna, lehendakariordegai izateko aukeren artean izan zuten errepublikanoek, Paul Ryan hautatu aurretik.