Fernando Morilloren «Abbadiaren sekretua» eta «Zonbia San Mamesen», ikasleen begietatik
Gaztetxoentzako bi liburu aurkeztu zituen atzo Fernando Morillok Bilbon. Bere irakurleen aurrean egin zuen, Miguel de Unamuno institutuko DBHko ikasleen aurrean, eta galdeketa ederra egin zioten gazteek.
GARA | BILBO
«Urteak eman ditut kezka bera entzuten: gazteek ez dutela irakurtzen», erantzun zion atzo Fernando Morillok Bilboko ikasle bati, honek liburuak aurkezteko aukeratu zuen modu bereziaz galdetu zionean. Gaumin argitaletxearen «Abbadiaren sekretua» eta «Zonbia San Mamesen» idatzi ditu Morillok, «irakurleei entzunez» egin dituenak, atzo azaldu zuenez.
Abbadia eremu misteriotsuan kokatu du lehenengo istorioa Morillok. Alar eta Kaieten bi lagun desagertu egingo dira eta ez dute jakingo zein munstro mota ezkutatzen den guztiaren atzean. Bi anaiak proba ugari igaroko dituzte Antton Abbadiaren sekretuaren bila. Beraien familiako historian bertan bilatu beharko dute, izadiz eta historiaz blaituriko leku miresgarri hark gordetzen duen misterioa argitzeko.
«Zonbia San Mamesen» lanak, berriz, izenburuak dioen moduan, Bilbon galdutako zonbi baten istorioa kontatzen du, auskalo nola San Mamesen bukatzen duena, «hamaikakoan, eta arerio baten belarria jaten, eta mozorro festa baten erdian...».
«Zonbia San Mamesen.... badira horrelakoak Bilbon?», galdetu zioten ikasleek. «Zalantza, ala? Euskal Herrian zonbirik bada, hantxe izango da gehien! Ni beti nabil jende desberdina eta berezia bilatzen. Deformazio profesionalagatik eta gogokoa dudalako. Han-hemen ugari aurkitu ditut... baina inon ez Bilbon adina», esan zuen idazleak.