«Gustura joango naiz nire trajerik onena jantzita»
Ramon Agirre Donostian jaio zen 1954an. Michael Hanekeren «Amour» da, oraingoz, adar gehienak probatu dituen aktore honen azken ekoizpen zinematografikoa. Izan ere, zineman, antzerkian eta telebistan aritu da Agirre eta azken asteetan «Bejondeigula!» antzezlana aurkezten ari da Niko Lizeagarekin batera.
Koldo LANDALUZE | DONOSTIA
Donostiako Zinemaldian banatuko da beste behin ere Zinematografiako Prentsaren Nazioarteko Federazioak urteko film onenari ematen dion Fipresci saria. Michael Haneke austriarraren «Amour» lana mundu osoko 225 kritikarik aukeratu dute eta giza drama bizi honek merezi du, euren ustez, aurretik Aki Kaurismki, Jean-Luc Godard, Roman Polanski, Paul Thomas Anderson, Pedro Almodovar, Jafa Panahi, Kim Ki-duk eta Terrence Malick-en mailako zinemagileek jasotako saria.
Ez da Hanekek saria eskuratzen duen lehen aldia; izan ere, Zinemaldiaren 57. edizioan, «Das weisse Band» (Zinta zuria, 2009) pelikulak jaso zuen, beste sari askoren artean.
«Amour» filmak, Zabaltegi Perlak saila inauguratuko duenak, laurogei urtetik gorako bi musika irakasleren istorioa kontatzen du. Euren maitasuna kolokan geratuko da emakumeak bihotzeko bat jasan eta gorputza mugitu ezinik gelditzen zaionean. Jean-Louis Trintignant, Emmanuelle Riva, Isabel Huppert eta Ramon Agirre dira protagonistak eta pelikulak sekulako arrakasta izan du Cannesko jaialdian; hain zuzen, Urrezko Palmorri desiratua eskuratu zuen.
Michael Hanekek Donostiara Fipresci saria jasotzera etortzerik ez duenez, Zinemaldiak ongi ikusi du Ramon Agirre aktore donostiarra izatea publikoari zuzendu eta zinemagile austriarraren izenean saria jasotzeko ardura duena. 1954an Donostian jaioa, Ramon Agirrek desagertutako Antzerti antzerki eskolan egin zituen ikasketak eta aktore profesional lanean dabil 1983. urteaz geroztik. Zineman, antzerkian nahiz telebistan jorratu duen ibilbide profesional oparoan, besteak beste, honako proiektuak daude: Montxo Armendarizen «27 ordu» (1986), Alex de la Iglesiaren «El día de la bestia» (1995), Pablo Maloren «Frío sol de invierno» (2003), Asier Altuna eta Telmo Esnalen «Aupa Etxebeste!», Alberto Gorritiberearen «Arriya» (2010), «Bi eta bat», «Médico de familia», «Periodistas», Inazio Tolosarekin batera egindako «Xentimorik gabe!!!» edo orain gutxi Niko Lizeagarekin batera estreinatu duen «Bejondaigula!».
Aktoreak berak kontatu dio GARAri zer izan den beretzat «Amour» filmean parte hartzea eta xehetasun batzuk ere eman dizkigu.
«Amour»-en filmatu zenuen azken eszena oraindik ere gogoan al daukazu?
Bai eta, oker ez banago, Jean Louis Trintignantekin elkarrizketa bat euren etxeko sukaldean. Ondo nekien zer eta nola egin behar nuen, castingean behin eta berriz egin bainuen sekuentzia hori.
Zein sentsazio izan zenuen «Amour» lehenengo aldiz ikusi zenuenean?
Normalean nire sekuentzia noiz etorriko zain egoten naiz, baina kasu honetan ez. Hain da indartsua «Amour», erabat harrapatuta nengoen.
Zer eman dizu esperientzia honek eta zein balorazio egiten duzu horren gainean?
Esperientzia ederra izan da. Bai filmazioa Paris inguruko estudio batzuetan, bai Canneseko jaialdian egon izana ere. Eta oraindik ez da bukatu. Urrian hasiko da filmaren ibilbide komertziala. 300 kopiarekin ateratzekoa dela esan didate. Astakeria bat!
Nola egiten du lan Hanekek aktoreekin? Zer nabarmenduko zenuke bere zuzendari izaeratik?
Maila guztietan oso exijentea dela esango nuke. Eta filma egin aurretik detailerik txikiena ere buruan duela. Gai zen erreparatzeko aldi berean nire alkandoraren gehiegizko garbitasunari, atzeko dekoratuaren koloreari eta esaldi baten ahoskerari. Nik, besteak beste, dotorea dela esango nuke.
Tratu pertsonalean, bere pelikulak bezain «basatia» al da Haneke?
Ez du batere antzik bere filmetan erakusten duen iluntasunarekin. Oso barre errazekoa da.
Nola bizi izan zenuen Cannesen «Amour» filmaren emanaldia eta Urrezko Palmorria jasotzeko ekitaldia?
Cannes jaialdiko proiekzioa amaitu zenean txalo zaparrada izan zen. Haneke eta aktoreak lehen ilaran geunden. Jaiki zen, jaiki ginen, atzera begira jarri zen, behin eta berriz eskerrak eman eta, txaloak eteten ez zirenez, urduritasunagatik edo momentua nolabait betetzearren, aktoreak besarkatzen hasi zen banan-banan, ni ere tartean.
Zer topatuko du ikusleak «Amour»-en?
Maisulan bat.
Zer izango da zuretzat Hanekeren izenean Fipresci saria jasotzea, Zinemaldia bezalako marko batean?
Gustura joango naiz nire trajerik onena jantzita. Dutxatu ere bai, deskuidatuz gero.
Zinemaldiaren atarian hautsak harrotu zituzten «Memorias de un conspirador» eta «Barrura begiratzeko leihoak» filmak ez dituzte jaialdiko inongo sailetarako hautatu, ezta Zinemirarako ere. Zein iritzi duzu erabaki horren inguruan?
Batzuek eta besteek esan dute esan beharrekoa. Nik bietatik bakarra ikusi dut: «Barrura begiratzeko leihoak». Oso lan ona iruditu zitzaidan, interesgarria, eta errespetu handiz egina.
Zinemirak euskal zinemaren erakusleiho moduan egonkortzea du helburu Zinemaldiaren barruan. Posiibotzat jotzen dituzu horrelako ekimenak?
Ez daukat argi gure zinemak erakusleiho berezia eduki beharko ote lukeen edo ez. Zergatik ez gainontzekoekin batera?
Utopia bat da edo zeintzuk lirateke, zure ustetan, benetako euskal nortasun zinematografiko baterako oinarri egokiak?
Landetxe batera gonbidatzen zaitut asteburu pasa. Ea galdera honi erantzuna topatzen diogun bion artean.