GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

KANPAINA BARRUTIK | URRIAREN 21EKO HAUTESKUNDEAK

Hamaika era herritarrekin komunikatzeko

Urrun dira kaleak jarraitzailez beteta kanpainari hasiera ematen zioten besta giroko gauak. Denborarekin, politikarien ekitaldiak jendea galtzen joan dira, eta hormarik onenetan erratzez itsatsitako kartelek ezusteko teknologikoei egin diete lekua, hedabideei eta sare sozialei. Halere, ezaugarri komun hauetatik kanpo, alderdi bakoitzak herritarrekin komunikatzeko bere modu bereziak ditu. Ikus ditzagun:

p008_f01.jpg

Maider IANTZI

Lehendakarigaia Bilboko Kobeta mendiko ekitaldi batean zen bitartean, EAJko kide eta zale talde bat Arabako etxeetara deika hasi zen atzo goizean. Asmoa, beren proiektua ezagutaraztea eta jendearen ekarpenak jasotzea. Xabier Agirre Arabako zerrendaburuak azaldu zuenez, «Deitu eta Entzun» izeneko ekimen «berri» honekin kontaktu zuzenagoa lortu nahi dute politikarien eta gizartearen artean.

Telefono finkoa duten Arabako etxe guztietara deitzeko asmoa dute, elkarrizketa «atseginak» izateko. 18 eta 87 urte bitarteko 250 lagun arituko dira zeregin honetan, 10.00etatik 21.30era, urriaren 19an hauteskunde kanpaina bukatu arte. Argitu zutenez, elkarrizketak anonimoak izanen dira eta ez dute botorik eskatuko. Landaburu Etxean kokatua dago telefono zentrala eta hogeita bost postu ditu.

PSE

Kanpaina bere jaioterrian, Portugaleten, hasi zuen Patxi Lopezen PSEk ere etxeetaraino sartu nahi du, baina telefonoz egin beharrean, pertsonalki. Zehazki, 180.000 etxe bisitatzea espero du. Horretaz gain, kalean, «jende guztiarekin kontaktu zuzenean» egoten bereziki ahaleginduko direla iragarri zuten eurentzako leku sinbolikoan, Bilbon, Ramon Rubialen estatuaren ondoan egin zuten aurkezpenean. «Herriko etxea»-k eta horretarako prestatutako bertze leku batzuk hauteskunde bulego bilakatuko dira, eta boluntario sare zabal bat eskuz esku ariko da alderdikideekin proposamenak ahalik eta gehien zabaltzeko.

«ETAren mehatxua amaitu ondoren, azkenean denok baldintza berberetan lehiatuko gara, eta sozialistok aprobetxatu eginen dugu», nabarmendu zuten. Autobus bat eta furgoneta bat euskarri izanen dituzten hiru karabanarekin, topaketak eginen dituzte, mitin azkarrak eta bilerak bizilagun elkarteekin eta bertze kolektibo batzuekin. Argitu zutenez, hagitz mitin tradizional gutxi antolatu dituzte: «Nahiago ditugu bilera eta ekitaldi sektorialagoak».

EH Bildu

Leloak definitzen du Laura Mintegi buru duen koalizioak kanpainan izanen duen jarduna: «Soluzioak zure esku». Agertu zutenez, soluzioak planteatu nahi dizkiete herritarrei eta, era berean, herritarrekin batera landu eta garatu nahi dituzte. Horretarako, ekimen desberdinak gauzatuko dituzte kanpainan zehar: ekitaldiak, agerraldi eta elkarrizketak, eta Internet eta sare sozialak, lan eremu «oso garrantzitsua» azken hau.

Programa, proposamenak eta informazio guztia ehbildu.net-en jarri dute eskuragarri, eta egunero berri nagusiak jasoko dituen albistegia emitituko dute. Sare sozialetan (Twitter, Facebook, Tuenti...) norabide bikoitzeko komunikazioa garatuko dute: «EH Bilduren proposamen eta helburuen zabalkunderako tresna da eta, era berean, herritarren iritzi eta proposamenak jasotzekoa». Proposamenak zabaltzeko indar berezia egiten ari dira bideo produkzioan.

Ekitaldiei dagokienez, herritarrekin zuzeneko hartu-emana izateko tresna dira, eta dozenaka eginen dituzte Araba, Bizkai eta Gipuzkoako hainbat auzo, herri eta hiritan. «Helburua, noski, ahalik eta herritar gehien batzea da». Bi ekitaldi nagusi izanen dira: lehenengoa gaur bertan, Donostiako Atano pilotalekuan, eta batez ere bigarrena Barakaldoko BECen. Ekitaldi honek izaera nazionala izanen du, independentzia ardatz, eta areto nagusian eginen dute. Hautagaitza guztien arteko jendetsuena izango dela aurreratu daiteke.

PP

Antonio Basagoitik ekitaldi «historiko bat» egin zuen atzo, Donostiako Alde Zaharraren bihotzean, Konstituzio plazan. Adierazi zuenez, orain dela gutxi arte «alderdi konstituzionalistak ezin ziren leku honetara etorri, ETAren mehatxuagatik». Baina atzo PPko hautagaiek panel handi bat margotu zuten brotxekin. Bertan, beren alderdiaren siglak pintatu zituzten, sinbolo dituzten antxetak, eta ikurrin bat eta bandera espainol bat «En Euskadi pintamos todos» lemaren gainean.

Madrilgo Gobernuko buruak eta ministro dezentek lagunduko diote PPri. Mariano Rajoy Gasteizko ekitaldi batean izan da berriki eta astelehenean itzultzekoa da, oraingoan Donostiara, enpresari eta zaleekin biltzera.

EQUO

Equo Berdeak Euskal Ekologistak hautagaitzak «kartel digitalak» itsatsiz hasi zuen kanpaina, ostegun gauerdian, Gasteizko tranbiaren Parlamentuko geltokian, «Euskadirentzako energia berriak» eskatuz.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo