GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Sega Nazioartekoa

Euskal Herriko eta Suitzako segalariek emango diote amaiera denboraldiari

J.L.

Segako denboraldiko azkeneko ekitaldia izango da bihar Andoainen, 11.00etatik aurrera Kilometroetako zirkuituaren barruan, Euskal Herria eta Suitza lehiatuko dira. 50 minutu inguruko dema antolatu dute.

Hasteko, buruz buruko saioak izango dira. Nesketan 100 metro koadroko sail batean, Alatzne Etxaburua lehiatuko da. Gero, Marialuixa Gabirondo neurtuko da beste suitzar baten aurka, baina oraingoan 50 metro koadroko sail batean.

Mutiletan, hasteko, 25 metro koadroko sail bat zeinek kolpe gutxiagotan moztu neurtuko dira, eta gero hasiko dira neurketak. Lehenengo buruz buruko saioak izango dira; Esnaola eta Mitxelena neurtuko dira, 100 metroko sail banatan. Hori amaitutakoan, binakako saioa izango da, eta Esnaolak eta Mitxelenak osatutako bikoa izango da Euskal Herria ordezkatuko duena. Lana ere handi samarra izango dute, 600 metroko saila ebaki beharko dute, eta kanpotarrak, nahiz eta binaka izan, ez daude honelako lan luzeak egiten ohituta. Euskal ordezkariek, beraz, nagusi direla erakutsi beharko dute.

Hori amaitutakoan, Andoaingo plazan, sega-pikatzeko txapelketa jokatuko da. Bigarren aldiz egingo da, nahiz eta aurrekoa jokatu zela urte batzuk igaro diren. Hamabost izango dira Euskal Herrikoak, eta bost berriz, Kataluniatik etorritakoak izango dira. Segak antolakuntzak jarriko ditu eta epaileak hiru izango dira. Sega eta mundu hori gustuko dutenek ikuskizun aparta izango dute bihar eguerdian Andoainen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo