GARA > Idatzia > Iritzia> Txokotik

Xabier Izaga Kazetaria

Kontzientzia(k)

Barkamen eskea eta bortxaren kondena exijitzea, eta tortura, estatuak kontzientzia kontrolatzeko baliatzen dituen moduak dira, Joxe Azurmendik aste honetan aurkeztu duen saiakerari izenburua ematen diotenak. Estatuak, Zegamako filosofoak dioenez, gehienen kontzientzia ona zaintzen du eta gutxiengoaren kontzientzia txarra probokatzen, lehenengoek zerekin alderatua izan dezaten. Ez da trikimailu berria. Mekanismo sinplea da: gizon-emakume gaiztoak izateak norberaren onberatasuna nabarmentzen du. Euskal Herrian, ordea, kontzientzia txarra esparru soziopolitiko oso batera zabaldu dute, erru kolektibo orokorra egozteraino. Eta «Alemaniaren erruduntasunaren auzia»-ren egile Karl Jaspersen hitzak manipulatuz eraiki dute erru kolektibo hori, herri oso batera zabaldu dutena, Azurmendik salatzen duenez.

Ez dut liburua irakurri -oraindik-, baina gaiagatik ez ezik, autoreagatik ere jakingarria dela badakit. Xabier Mendigurenek aurkezpenean eskerrak eman zizkion Azurmendiri jatorrizko iturrietara jotzeagatik, terminologian zehatza izateagatik, egileen hitzak aipatzeagatik eta engainatu nahi ez izateagatik. Beste meritu bat gehituko nioke nik, modu dotorean egiten duena, gainera: engainatzaileen amarruak ageriko jartzea. Mendigurenek esandakoa fidagarria da niretzat, eta Azurmendiren aurreko lanak hala den berme dira. Azkena, «Bakea gudan», Unamunoren pentsaeraren gaineko hausnarketa da, alde bateko edo besteko sinplifikazioetatik urrun, Unamunok esan ez duenik haren ahoan jarri gabe eta hark esandakoak hitzez hitz jasota. Honelako gauza bitxiak topatuko ditugu liburu horretan, gaur egun Unamunoren jaioterrian horren bitxiak ez direnak: «Gertakari haietan [karlistadetan] bere burua agertu zuen herriaren barne bizitzatik ikusi nuena adierazi nahi izan nuen. Eta ez zen falta izan karlista esan zidanik, Karlos VII.aren jarraitzaileen aurka madarikazio eta biraoka hasi eta karlismoaren krimenez eta gisa horretako ergelkeriez hitz egin beharrean, karlismoak bere adorearen baitan daukana eta zeinen indar baliagarri eta sendoa den soseguz ikusi eta ikusarazi nahi izan nuelako». Unamunoren hitzak dira, «Bakea gudan» eleberria argitaratutakoan jaso zituen zenbait kritikaz ari dela.

Horra kontzientzia txarra xaxatzearen adibidea, XIX. mende amaierakoa.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo