GARA > Idatzia > Mundua

Benetako erreforma sakonak eskatu dituzte milaka jordaniarrek kalean

Milaka lagun atera ziren atzo Ammaneko kaleetara, Jordaniako oposizioak deituta, benetako erreformak eskatzera, Abdala II.a erregeak Parlamentua desegin eta hauteskundeak aurreratu dituen arren. Anaia Musulmanek hauteskundeei boikota egingo dietela iragarri dute.

p030_f01_148x108.jpg

GARA | AMAN

Al-Hussein meskitaren aurrean 15.000 pertsona inguru elkarretaratu ziren, France Presseko berri-emailearen arabera, eta pankarta handi batean jaso zituzten euren eskaerak: «Hauteskunde lege demokratikoa; Konstituzioaren erreformak; hautatutako gobernuak; ustelkeriaren aurkako borroka eraginkorra eta segurtasun indarrak politikan ez sartzea». Gutxienez 2.000 polizia zabaldu zituen gobernuak hiriburuaren erdialdean.

«Duela 20 hilabete ari garamanifestazioak egiten eta oraindik ez dituzue entzun gure eskaerak», zioen beste pankarta batek.

«Boterea Jordaniako herriari emango dion benetako erreforma konstituzionala nahi dugu», adierazi zuen Hammam Saidek, Anai Musulmanen buruak. «Ez dugu hauteskundeetan parte hartuko, hauteskundeetatik sortzen diren parlamentuak eta benetako parlamentua nahi dugulako», gaineratu zuen

Jordanian 2011ko urtarriletik manifestazio txiki baina etengabeak izan dira -Arabiar Udaberria hasi zenetik- aldaketa politikoak eta ekonomikoak eskatzeko.

Parlamentua deseginez eta hauteskundeak aurreratuz A bdala II.a erregea protestei erantzuten saiatu zen. Baina Anaia Musulmanek hauteskunde hauei boikota egingo dietela iragarri zuten erreforma sakonik ez dagoelako. «Erregimenaren erreforma nahi dugu», oihukatu zuten manifestariek. «Manifestazio honek Anai Musulmanak baino ez ditu ordezkatzen», adierazi zion France Press agentziari Sami Maayata Informazio ministroak. «Islamistek hauteskundeetan parte hartu beharko lukete, erreformen alde Parlamentuan lan egiteko eta ez kalean», gaineratu zuen.

Poliziak manifestariei erasotzeko asmoa zuten zortzi pertsona atxilotu zituela esan zuen. Ordu berean eta toki berean, kontrako manifestazioa deitu zuten, erregearen aldekoa, baina bertan behera geratu zen «arazoak saihesteko». Aurreko hauteskundeak, 2010ekoak, ere aurreratu egin zituzten. Islamistek parte har zezaten joan den ekainean hauteskunde legea aldatu zuten, baina alferrik.

Irailaren 12an erregeak islamisten jarrera «okerra» dela esan zuen, erreforma prozesuan hauteskundeak oinarrizko urratsa direlako. «Anaia Musulmanei esaten diet: zuena da aukera, kalean gelditu edo Jordania demokratiko berria eraikitzen lagundu».

sistema aldatzea

Islamisten diotenez, hauteskunde sistemak pisu handiagoa ematen die landako eskualdeei, gobernuaren aldekoak direlakoan. Lehen ministroa hautatua izan dadin nahi dute, eta ez, orain bezala, erregeak izendatua.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo