Estrasburgoko epaia behingoz onartzeko eskatu dio Lokarrik Madrili
Estrasburgoko Auzitegiak presoen zigorra luzatzen duen 197/2006 doktrinaren aurka plazaraturiko epaia behingoz onartzeko eskatu zion atzo Lokarriko eledun Paul Riosek Gobernu espainolari. «Nazioarteko komunitatearen deiaren aurrean begiak eta belarriak itxi dituzte», esan zuen.
GARA | IRUÑEA
Giza Eskubideen Europako Auzitegiak 197/2006 doktrinaren aurka hartu zuen erabakiaren aurrean Gobernu espainolak helegitea aurkeztu izana kritikatu zuen atzo Lokarriko eledun Paul Riosek.
Infozazpi irratian atzo egindako elkarrizketan Riosek adierazi zuenez, «nazioarteko komunitatearen deiaren aurrean Gobernu espainolak begiak eta belarriak ixtea erabaki du». Estrasburgon egoitza duen Europako Auzitegiak 197/2006 doktrinaren aurka egin zuen eta Tafallako Ines del Rio presoa askatzearen alde azaldu zen.
«Giza Eskubideen Europako Auzitegiaren erabakia mantenduko delakoan nago eta Gobernua aplikatzera behartuta egongo da», gaineratu zuen Riosek.
Lokarriko eledunaren hitzetan, Estraburgoko epaiaren gisakoek ez lukete Mariano Rajoyren Gobernuaren «haserrea piztu behar, bake prozesuan duen estrategian zein izaten ari den gaineko gogoeta piztu baizik».
Mobilizazioa Bergaran
Herrirak deituta, 197/2006 doktrina deuseztatzeko eta Luis Mari Azkargorta Kanto bergararra aske utz dezaten eskatzeko mobilizazioa egin zuten atzo Bergaran eta 700 lagun inguru bildu ziren. Honekin batera, Gobernu espainolari Estrasburgoko epaia berehala betetzeko eskatu zioten amaierako ekitaldian. Mobilizazioa isila izan zen eta Bergarako alderdien eta eragileen sostengua zuen. Bergarako Udalak ere Azkargorta askatzeko mozio bat onartu zuen irailaren 28an.
Presoaren seme batek atzo mobilizazioa amaitzeko ekitaldian gogora ekarri zuenez, Luis Mari Azkargorta 2004an aske utzi zuten ezarri zioten zigorraren hiru laurdenak bete eta gero. Handik zortzi hilabetera, ordea, berriro kartzelan sartu zuten 197/2006 doktrina ezarri baitzioten.
Egun Zuerako espetxean dago, nahiz eta 2007. urtetik aske egon behar zuen. Atzo berriro ere aldarrikapen hori egin zuten Bergaran.
Manifestazioaren ibilbidea amaitu ondoren egin zen ekitaldiaren aurretik sakabanaketaren amaiera aldarrikatzen duen abesti bat kantatu zuten.