GARA > Idatzia > Kultura

Mundu osoko doinu eta testuak euskarara ekarri ditu Mugaldekoak laukoteak

p053_f02.jpg

A. ARRUTI | DONOSTIA

Musika eta literatura, antzerki zertzeladekin. Horixe da Mugaldekoak proiektuaren proposamena, Edu Zelaietaren «Mugaldekoak» (Susa) liburua abiapuntu izan zuena, «Biziago sentitzeak...» diskoak segida eman ziona eta oraingoan mundu osoko testu eta doinuekin osatutako antologia txiki bat dakarrena. «Begiak lekuko» (Gaztelupeko hotsak) lanak Bob Dylan, Johnny Cash eta Leonard Cohen bezalako klasikoen kantuak dakartza euskarara, baita bateko eta besteko idazleen testuak (Nazim Hikmet turkiarra, Margarita Robleda, François Ridel...) beste hainbat musikariren edo Mugaldekoak berak sortutako doinuekin jantzita. «Bidaia bat proposatzen dugu, guk munduan barna egin duguna. Etxera itzuli gara, puskak berriro antolatu eta euskaldunon herrira ekarri ditugu maite ditugun autore literario zein musikariak», azaldu zuen Zelaietak.

Oinarria folka bada ere, AEBetako blues eta country ukituak ere badituzte, Jim Beloffen «Ukelele bluesa», esaterako, edo Stephane Attarden «Lanaren kantua».

Edu Zelaietak, Beñardo Goietxek, Raul Garciak eta Mattin Sorzabalberek osatzen dute Mugaldekoak eta Xabi Pellirinirekin grabatu dute diskoa Biarrizko Laguna Recordsen. Taldekideek azpimarratu zutenez, ahalegin berezia egin dute testuak jatorrizko hizkuntzatik zuzenean itzultzeko.

Orain «ezohiko» zuzenekoei ekingo diete, musika eta literatura, «atrezzo» ukituekin. Www.mugaldekoak.com atarian diskoa entzuteko eta testuak irakurtzeko aukera eskaintzen dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo