GARA > Idatzia > Iritzia> Gutunak

Inazio Agirre Arregi, Ezker abertzaleko kidea

PPri gutun irekia

Espainiako Legebiltzarrean ministroak esan du katalanak espainiartu behar dituela hezkuntzak. Eta PPren Gobernuak eta PPk berretsi egin dute. PP, estatuaren kultura eta hizkuntza bati balio hierarkizatzailea ematen diozue, besteak menderatzeko eta Espainiaren espantsionismoa betikotzeko. Pertsonen, herrien eta hizkuntz komunitateen berdintasuna urratzen duzue. Inor ez denean, duintasunean, beste inor baino gehiago.

Zuen argudioa da, Euskal Herrian euskalduntzea eta Katalunian katalanizatzea zilegi baldin bada, zergatik ez da izango Espainian espainiartzea? Ba, nire ustez, ez direlako berdin jatorrizko nazio hizkuntza eta kultura propioak nork bere herrian bideratzea, eta, kanpoko hizkuntza eta kultura arrotzak beste nazioen lurraldeetan eta jendarteetan zabaltzea. Lehenengo jokabideak gizartean bizitzeko ezinbesteko kultur tresnak eskaintzea esan nahi du. Herri guztiek naturalki egiten dutena. Bigarrena, aldiz, kultur inperialismoa da. Inposatzea eta uniformatzea. Hizkuntz eta kultur dibertsitatearen galera bultzatzea. Elebitasun sozial orekatuaren, egonkorraren eta iraunkorraren adibiderik ez baita munduan.

Argudio tranpa eta asimetria da. Zeren gaztelania, beste hizkuntz komunitateetan inposa baldin badaiteke, simetriak eskatzen du beste hizkuntzak ere gainerako komunitateetan hedatzea. Euskal Herriak Espainia euskalduntzea; Kordoban ikastolak derrigortzea; eta euskal curriculuma, euskal historia eta euskal kultura hezkuntzako edukien % 65ean ematea. Egungo asimetria, beraz, espainieraren aldeko bereizkeria da.

Nafarroako konkistaren eta mendeetako okupazioaren ondoren, Estatuko nazioei erabakitzeko eskubidea ukatzen diezuen aldi berean, «konkista-eskubidea» eskubide demokratiko bilakatzea eta «bortxakeria» zuzenbide iturri bihurtzea ez da zilegi.

Betiko tranpak utzita, denok irabazteko, Espainiaren ikuspegi hegemonikoa amaitu behar duzue, erreparazio historikoaren bidetik. Hau da, gure kasuan, euskara aitortzea Euskal Herri osoan, gaztelaniak eta frantsesak beren estatuan duten berdintasunezko estatusa eta parekotasunezko egoera, eremu politikoan, juridikoan eta soziolinguistikoan. «Euskaldun eleanitzez osatutako Euskal Herri euskalduna» berrezartzeko ahalmen eta ahalbide burujabea debekatu gabe.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo