GARA > Idatzia > Kultura

Joxemari Carrere Ipuin kontalaria

Kreatibitatea

Krisi garaiotan eztabaida luzeak izan ohi dira dauden diru apurrak zertan gastatu. Instituzioetan eztabaida luzeak eta irizpide ezberdinak azaltzen dira. Zertan gastatu dirua? Nola banatu ahalik eta justuen instituzioetan dauden diru pizarrak? Jakina, bakoitzak bere alde egingo du konbentzimendu osoz berea dela ezinbesteko jarduna edo beharra. Kulturgintzan gabiltzanok badakigu horretaz. Hala ere, iruditzen zait ez ote garen eskas samar gelditzen gure argudioak azaltzerakoan. Kulturaz mintzatzerakoan erlijio baten pare entzun ohi dira defentsa sutsuak. Kulturari aldareak jartzea falta da. Tira, agian hainbeste kultur eraikuntza erraldoien agerpena asmo horren seinale izango da.

Entzun ohi dira ere kulturari denbora-pasa izaera baino ematen ez diotenak, kulturaren ideologizatzearen kontrakoak. Sormena jainkoak-edo, emandako bedeinkapenaren antzeko jartzen da askotan. Eta hainbeste kalakaren artean pertsona guztiok sormenerako dugun gaitasuna zertarako demonio dugun edo nola bideratu ahaztu egiten dugu. Halakoetan Gianni Rodari pedagogo eta idazle italiarraren hitzak gogora ekartzea izan ohi dut gustuko, zalantzak argitze aldera. «Ekoizpenaren mitoan oinarritutako jendarteak, neurrian egindako gizakiak behar baditu (...), horrek esan nahi du gaizki egina dagoela, eta aldatu beharra dagoela. Aldatu ahal izateko gizaki sortzaileak behar dira, beren irudimena erabiltzen dakitenak». Kontalariak, kulturgintzaren partaide gisa, bere kreatibitatea jendartearen aldaketaren zerbitzuan jartzen ez badu, aldareetako errezoak baino ez ditu egingo, irudimenaren erabilpena ezin ulertuz.