GARA > Idatzia > Kultura

Zortzi estreinaldi eta euskal lanen «presentzia handiagoa» BAD jaialdian

GARA | BILBO

BAD Bilboko Antzerki eta Dantza Garaikidearen jaialdiaren 14. edizioak erabateko zortzi estreinaldi eskainiko ditu eta euskaraz egindako egungo sorkuntza eszenikoari «presentzia handiagoa» emango dio, antolatzaileek atzo adierazi zutenez. 22 konpainiak hartuko dute parte urriaren 25etik azaroaren 4ra bitartean egingo den jaialdian.

Ohikoa denez, BAD jaialdiak leku garrantzitsua eskainiko die arte eszeniko garaikideen alorrean lan egiten duten bertako konpainiei eta aurten euskaraz eskainiko den lan kopurua handiagoa izango da, Metrokoadroka eta Buruz Behera taldeekin edo Beatriz Setien artistarekin, besteak beste.

BAD jaialdiak hamar bat agertoki izango ditu, eta aurten, berrikuntza gisa, Bilbaoarteko instalazioak gehituko zaizkie betiko eszenatokiei (BilbaoEszena, La Merced ikastetxea, Bilborock aretoa, La Fundicion, Zawp Pabilioia, FNAC, Guggenheim museoa, EHUren paraninfoa eta Campos Antzokia).

BAD espazio berezietan ere egongo da aurten, hala nola Begoñan dagoen Mallonako hilerri zaharrean, Gaitzerdik bere azken lana aurkeztuko baitu azaroaren 1ean.

Jaialdian zehar Bilbon izango diren talde eta artisten artean daude Qualquer, Metrokoadroka, Beatriz Setien, Collado-Van Hoestenberghe, Maria Antonia Oliver, El Canto de La Cabra, Marcela Levi, Luccia Russo, Nexo Teatro, Ricardo Padilla, Gaitzerdi, Claudia Dias, La Ressistans, David Espinosa, Nuria Legarda, Buruz Behera eta Pulsiones SX.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo