GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

KANPAINA BARRUTIK | URRIAREN 21EKO HAUTESKUNDEAK

PP eta PSE beltzez jantzi dira; bertzeak, kolorez

Zuri-beltza baztertua egon da kanpaina koloretsuetatik, baina aurten berriro indartu da, krisiaren isla gisa-edo. Bereziki PSEk eta PPk egin dute hautu hori. Euskaldunek eta Estatuko alderdi txikiek, aldiz, koloreak erabili dituzte. Tratamendu honek zer aldarte eta esanahi iradokitzen dituen aztertu du Borja Goitia diseinatzaileak GARArentzat.

p010_f01.jpg

Maider IANTZI

PSE-k, orokorrean, irudi nahiko landua du, Borja Goitiaren iritziz, aitzineko urteetan finkatutako nortasunari jarraitzen diona. Aurreko hauteskundeetan ikurrinak leku garrantzitsua zuen; orain, ordea, urtu egin dela dirudi. Kolore gama anitz murriztu dute eta zuri-beltzez ageri da Patxi Lopez, diseinatzaile honen iritziz, luxurik eza, dramatismo puntua eta ospatzekorik deus ez dutela transmititzeko. «Modako joera ere bada zuri-beltza».

Kartelei ez ezik, etxera iritsitako propagandari ere erreparatu dio. Bietan, berriro lehendakari izateko hautagaia ordenagailu eramangarri batekin lanean ageri da, lemari jarraituz: «Estamos a lo que hay que estar. Guk, gure bidea». Diseinuaren ikuspuntutik, konposizio egokia du, orekatua, baina argazkian Lopezek kezka, sosegurik eza eta konfiantza eskasa erakusten du.

Tipografia egokia aukeratu dutela deritzo, irmotasuna iradokitzen duena. Izartxoaren baliabide grafikoa erabili dute, zertan egon behar den azaltzeko. «Gehienok letra txikiarekin lotzen dugu izartxoa, eta politikan zerbait egon behar ez bada, letra txikia da».

Elkar argitaletxean lan egiten duen diseinatzaile honi gezurra iruditzen zaio hainbertzeko boterea duen alderdi batek hain diseinu pobrea egitea, historikoki. PPri buruz ari da. Urdina da nagusi, beti eskuinarekin lotuta, eta PSEkoa bezala, zuri-beltzean dago lehendakarigaia, gauza bera adierazteko. Halere, marko koloretsu bat jarri diote kartelari eta etxerako propagandari, «apaingarri grafiko soila, eman baino kendu egiten duena, eta ekoizpen akatsak agerian uzten dituena. Agian hori zen bilatzen zuten kolore ukitua?».

Tratamendu tipografiko gatzgabea egin du Antonio Basagoitiren alderdiak, Goitiaren iritziz, urdinarekin. Beti jokatu izan du anitz zuriekin, kontragrafismo espazioekin, baina «emaitza hagitz pobrearekin».

Basagoiti saiheska ageri da, Lopez baino alaiago baina bera bezala kamerari begiratu gabe, eta horrek ez dio diseinatzaileari konfiantzarik transmititzen. Mintegik, Urkulluk eta Maneirok begietara begiratzen dute.

«UPyD-k kolore ausartak darabiltza, ezohikoak defendatzen dituen ideietarako. Diseinuaren ikuspuntutik egokiak dira, modernoak, eta harrigarriki bere ideiekin bat ez datozen baloreak helarazten dituzte», azaldu du Goitiak Gorka Maneiroren hautagaitzari buruz. «Magenta kolorea aukeratu du, tipografia modernoa... Nahasteko?».

Mayor Orejaren irudiekin

Alderdiz alderdi errepasoa egitean, gauza batzuk errepikatzen direla ohartu da. «Estatuko alderdi txikiek euren Estatu mailako buruaren irudia jarri dute bertako hautagaiaren ondoan. Hala egin dute UPyD eta IUk». Honekin lotuta, gauza bitxia gertatu da Elorrion. Antza, bertako PPko kideak alderdiko zuzendaritzarekin haserre daude, eta kanpaina Mayor Orejaren kartelekin ari dira egiten.

Ezker Batua-Berdeak gorriz jantzi da, eta berea gutun-azal bakarra da, irekitzean panfleto bilakatzen dena. Bertze ezaugarri bat bere markako ohiko letra moten gainean eskuz idatzitakoen antzeko hizkiak jartzea da, hurbiltasun bila, baina Hernanin bizi den diseinatzaile honek dioenaren arabera, emaitza nahasgarria lortzen du. Hautagaien argazkia korala eta koloretsua da, ezker abertzaleak egin dituenen antzekoa. Eta eztabaida sortu du Luis Garcia, Almudena Grandes eta Gaspar Llamazares Ezker Anitza-IUko kideen irudiak gehitu izanak, alderdi honek ere aurkeztu duelako bere hautagaitza. Bi alderdien diseinuek antz handia dute: Ezker Anitza-IUk ere gorria darabil, eta eskuz idatzitako letrak. Panfletoa alde batetik inprimatu du.

Azkenerako utzi nahi izan ditu inkesta guztien arabera Lehendakaritza lortzeko lehiatuko diren bi alderdiak, EAJ eta EH Bildu. Bere ustez, jeltzaleen logoak ez du ekarpenik egiten diseinuaren ikuspuntutik, nortasuna kentzen du eta urtu egiten du joera grafiko batean. Ezin du saihestu Pepsiren logoarekin konparatzea. Juan Jose Ibarretxerekin kanpaina ezin hobea egin zutela deritzo, aplikazio grafiko zoragarriekin; oraingoan kanpaina klasikoagoa egiten ari dira, hautagaia erdigune, koloredun argazkiarekin, kontraste handiko koloreekin, «El Pais»-eko lehen orriko irudien antzera. Enkoadraketak eman dio arreta, begiradan jartzeak indarra, eta Photoshoparekin pasatu egin direla iruditzen zaio.

Pieza grafikoetan ongi landutako ikurrinaren koloreak nagusitzen dira eta tipografia aurreko kanpainatik jaso dute. Halere, Goitiaren hitzetan, mesedegarriak ez diren konbinazioak egin dituzte. «Euskadi» hitza tipografia batean jarri dute, eta «aurrera» bertzean.

Euskal Herria Bilduren irudi korporatiboan berdea eta zuria gailentzen dira, itxaropena eta bakea iradokiz, eta gutxiago agertzen da ezkerraren gorria. «Logoa agian pixka bat behartu egin dute, baina koloreen tratamendua eta konposizioa oso txukuna da, oso garbia, normalean ezker abertzaleak egin ohi duena baino formalagoa. Beharbada, freskotasun pixka bat galdu dute, eta argitasuna irabazi». Hauteskundeetan «Zure esku» eslogana hainbat piezarekin lotu dute, eskuekin adibidez, eta kartel mutuak -zuriak, nahi dena idazteko- erabiltzen ari dira herrietako ekitaldietan.

Karteletarako urdina erabili dute, eta hautagaien irudi koralean Laura Mintegi nabarmendu nahi izan dute. «Mintegi, probintzietako hautagaiak eta talde osoa sartu nahi izan dute, eta airean gelditzen dira konposizio arraro batean». Borja Goitiak Mintegiren alde egingo luke apustu.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo