GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Filipinetan bake akordioa, bide luzean lehen urratsa

Filipinetako Gobernuak eta Askapen Islamikorako Fronte Mairua taldeak bake akordioa sinatu zuten atzo. Malaysiako Gobernuaren bitartekaritza lagun, arnas luzeko negoziazio prozesuaren fase bati akabera eman diote, nahiz eta bakerako bidea oraindik luzea izango den, eta oztopoak eta probokazioak ez diren faltako. Akordio orokorraren arabera, Bangsamoroko entitate autonomoa martxan jarriko da musulmanak nagusi diren Mindanaoko uhartean. Eskumen zabalak izango ditu: lehengaien eta aberastasunen gaineko partekatzea, Fronte Mairuaren armak konfiskatzea eta, oro har, Mindanao desmilitarizatzea, bertakoentzat sharia (lege islamikoa) ezarriko duten epaimahaiak... baina neurrion ezarpena letra txikiaren baitakoa da, eta negoziazio orotan gertatzen den legez, sarri, detaileetan ezkutatu ohi dira demontreak.

Jolo uhartean Abu Sayyaf islamista erradikalak ala Filipinetako leku askotan insurjentzia komunistari lotutako gerrillak aktibo dirautela ahaztu gabe, lau hamarkadatako gatazka politiko-militar bat akordio adiskidetsu batekin gainditzea berri ona da. Herrialdearentzat, are anabasa eta kaos garaiotan munduarentzat, aurrekari baliagarria. Iraganean ere gisako akordio andanak porrot egin du; ez errepikatzeko, prozesuak inklusiboa eta akordioek bakezkoak bezain politikoak eta ekonomikoak behar dute, arazoen muinekoak, gatazka errotik eraldatuko dutenak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo