GARA > Idatzia > Euskal Herria

Berdintasunerako politikak aztergai, nazioarteko adituen eskutik

Emakundek antolatuta, bihar hasi eta ostiralera arte Bilbon egingo den nazioarteko biltzarrean mundu osoko adituek hartuko dute parte berdintasunaren inguruan egindako aurrerapenak aztertu eta esperientziak trukatzeko. Hitzordua sareak sendotzeko aukera ere bada.

p020_f01.jpg

GARA | BILBO

Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren aldeko politika publikoek azken urteotan lortutako aurrerapenez hausnartzeko eta mundu mailako arazo horri aurre egiteko proposamenak partekatzeko Nazioarteko Biltzarra antolatu du Emakundek Bilbon. Bihar hasi eta ostirala bitartean egingo den biltzarrean Asia, Ipar eta Hego Amerika, Afrika eta Europatik etorritako erakunde ordezkariek, administrazio-eremuetako arduradun eta teknikariek, unibertsitate irakasleek eta ekintzaile feministek hartuko dute parte.

Maria Silvestre Emakundeko zuzendariaren esanetan, biltzarrak helburu bikoitza du. Batetik, berdintasuna bultzatzeko aukera izatea, hitzorduan hainbat lurraldetatik datozen esperientzia anitz entzungo baitira, eta bestetik, sareak sendotzeko elkargune bat eratzea.

«Gogoetak eta estrategiak krisi, sare eta berrikuntzen testuinguruetan» du izenburu topaketak eta hainbat gai jarriko ditu mahai gainean; hala nola, azken hamarkadetan garatutako esperientzien analisia, estrategien balorazioa eta horiek gizartean izan dituzten emaitzen irakurketa. Silvestrek atzo argi utzi zuen berdintasun-politikak ez direla azaleko gastu bat gestio publikoan, «luzaroan aldarrikatutako giza eskubideak bermatzeko inbertsioa eta ahalegina» baizik.

Hala, elkarri esperientzien berri ematea oso garrantzizkoa dela esan zuen; izan ere, «emakumeen eta gizonen arteko desberdintasuna errealitate unibertsala da, gizarte guztietan gertatzen da neurri batean edo bestean; horregatik, leku batzuetan berdintasunezko gizarteen alde aurrera egitea bultzada eta inspirazioa izan daitezke beste leku batzuetan».

Nazioarteko adituak Bilbon

Hasierako hitzaldia «Genero-berdintasuna eta arriskuaren gizartea» izango da eta Madrilgo Unibertsitate Autonomoko Gizarte Antropologiako irakasle Virginia Maquieirak eskainiko du. Ikuspegi kritiko batetik, egungo gizarteetan emakumeen esperientzia ikusezin uzten duten ekarpen eta analisi politiko eta ekonomikoen irismena aztertuko du.

Besteak beste, hauek hartuko dute parte: Wassyla Tamzali idazle aljeriarra eta UNESCOko emakumeen eskubideen zuzendari ohiak, eta Christine Epolukek, Afrikako Emakumezko Ministro eta Parlamentarien Sareko (RDC) lehen presidente eta gatazken gestioan adituak.

IZEN EMATEA

Biltzarrean partu hartu nahi duen orok eman dezake izena «www.inscripcionweb.net/IgualdadMujeresyHombres» gunean. Bertan topatuko du hitzorduari buruzko informazio osoa.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo