GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

URRIAREN 21EKO HAUTESKUNDEAK

Egibarrek dio Bilduk ez duela zigorrik jasoko Gipuzkoan

p008_f02_26713.jpg

GARA | DONOSTIA

Joseba Egibar EAJko Gipuzkoa Buru Batzarreko presidenteak EH Bilduk herrialdean emaitza onak aterako dituela aurreikusi zuen atzo Radio Euskadik egindako elkarrizketan. Egibarren aburuz, gizarteak ez du Bilduren gestioa zigortuko «oraindik epikan bizi direlako, arlo emozionalean», eta hortaz, «zigorra, edo higadura, ez da horrenbestekoa izango, nahiz eta urte pasatxo honetako gestioa txarra izan».

Jelkidearen iritziz, Bilduk Gipuzkoako Aldundian emandako lehendabiziko urtea «ez da batere ona izan», koalizio soberanistak «jarrera inposatzaile eta autoritario uneoro izan duelarik». Bere ustez, «gizarteak horrelako jarrerak ikusi eta ulertu egiten ditu, eta gestioan hutsunea sumatzen du».

Bildu kritikatzea izan zen Egibarren hitzaldiaren muina nagusiki. Bide horretan, «zail» ikusi zuen koalizioan «intelektualki ezkerrekoa den, baina egunero eskuineko jokabidea duen jendea, ezezaguna den herrialde baten eraikuntzarekin» uztartzea.

Horren aurrean, bere alderdiaren proiektua defendatu zuen jeltzaleak, «egun soil bateko soberanistak ez garela argi utziz», modu honetan Oskar Matute EH Bilduko kideari, erantzunez. Argudio gisa, Ibarretxe Plana Lakuako Parlamentuan bozkatu zenean, «ezker abertzaleak hiru boto alde eman zizkion erabakitze eskubideari, baina baita beste hiru kontra», nabarmendu nahi izan zuen Egibarrek.

«Beharrezko» murrizketak

Arlo ekonomikoari dagokionez, Egibar ere argi azaldu zen: «Murrizketak, doikuntzak...ez dakit nola zehaztu, baina egin, egin egin beharko dira, guztiz beharrezkoak direlako». Halere, GBB presidenteak «marra gorriak» ez dituztela ukituko ziurtatu zuen atzo; «osasungintza, hezkuntza, zerbitzu sozialak, oinarrizkoa mantendu egingo dugu, gizarteak gutxieneko zerbitzuak izan ditzan» berretsiz.

«Argi dago nonbaitetik kendu egin beharko dugula. Administrazioa eta beste zenbait departamentu mehetu egin behar dira, betiere akordioa eta eztabaida oinarri izanda» gaineratu zuen Egibarrek.

Zerga arloan, «ekonomiaren berpiztearen zerbitzuan» dagoen fiskalitatea defendatu zuen jelkideak, eredu hori zein den edo nola gauzatuko duten argitu gabe. Era berean, «demagogia ez» egiteko eskatu zien gainerako alderdiei, «austeritate garaien aurrean gaudelako».

Hauteskundeen ostean izan litezkeen akordioei buruz, jeltzaleak ez zuen oso argi hitz egin, eta «akordio instituzionala» eskatu zuen soilik. Bide horretan, EAJk «alde txikiarekin» irabazten badu, akordio hori gertuago ikusten du Joseba Egibarrek «koalizio gobernua baino».

Urkullu: «Bi urte oso gogor»

Arratsaldean Gasteizen egindako ekitaldi batean, aurreko legealdia oso gogorra izan dela eta hurrengo bi urteak are latzagoak izango direla adierazi zuen EAJko lehendakarigaiak.

Hiriburuz hiriburu haren aldekoei egiten ari zaien harrera ekitaldian parte hartu zuen Urkulluk Gasteizen, Xabier Agirre Arabako zerrendaburuarekin batera.

Ekitaldian gizarteko hainbat ordezkari ezagun bildu zituen, esaterako, Igor Gonzalez de Galdeano txirrindulari izandakoa eta prestatzailea eta urte askotan Gasteizko alkate izandako Jose Angel Cuerda. Umorea ere erabili zuten; esaterako, Mariano Rajoy, Antonio Basagoiti eta Laura Mintegiren parodiak egin zituzten.

Serioago mintzatu zen Urkullu, batez ere datozen bi urteei begira. Horien ondorengo bietan, ordea, «aurrera aterako garela» esan zuen, nonbait bere burua dagoeneko lehendakaritzat duela agerian utziz.

Krisialdia «oso gogorra bada», hurrengo igandeko hauteskundeen ondoren osatuko den gobernua oraindik «gogorragoa» izan behar dela adierazi zuen agintari jelkideak, eta horregatik dei egin zien Iñigo Urkulluk boto-emaileei, era masiboan EAJren aldeko boza era masiboan eman dezaten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo